Galtzada zaharreko tabernaren agurra
Perurena familiak 1963an hartu zuen Iturritxo jatetxea. Alokairuaren baldintza aldaketengatik ixtea erabaki dute. Hilabete bukaera bitarte egongo da zabalik.
Auzoko elkargune eta geltoki estimatua da Iturritxo jatetxea. Horregatik, askok ezustekoa hartu dute albistearekin. Apirilaren 30ean itxiko dute taberna Elena Perurenak eta haren seme Mikel Esnaolak. Alokairuaren baldintzak aldatu dizkietelako hartu dute erabakia. Esnaolak tabernarekin jarraitzeko asmoa bazuen ere, amarekin batera adostu du beraien bizitzako atal garrantzitsu bati bukaera ematea. Izan ere, 1963an Perurena familiak taberna hartu zuenetik iraun dute Ategorrietako galtzada zaharrean.
Perurenatarrak Aranotik (Nafarroa) Donostiara etorri ziren ostalaritzan lan egitera. Zazpi anai-arrebetatik hiruk hartu zuten Iturritxo jatetxea; Faustinok, Josetxok eta Maria Pilarrek. Hiru urte pasata Faustino bakarrik geratu zen, eta Avelina Bikuña emaztearekin batera aurrera jarraitu zuen. Urte batzuk beranduago iritsi zen tabernara Elena Perurena. «Eskola bukatuta, 14 urterekin, Donostiara joan nintzen anaiarekin eta bere emaztearekin lan egitera», gogoratu du.
1980an Faustinok eta Avelinak Groseko Andra-Mari jatetxea erosi zuten, eta horrela, Elenak hartu zuen Iturritxoren ardura. Hiru urte lehenago tabernara joaten zen Uliako mutil batekin ezkondu zen. «Tabernari esker ezagutu nuen Karlos Esnaola nire senarra». 1978an jaio zen Mikel Esnaola lehen semea, eta 1984an Ion Esnaola bigarrena. Anai-arrebek hasieran egin zuten bezala, Elenak ere familiaren konpainiarekin atera du aurrera Ategorrietako taberna. «Beraiek ere oso gertutik bizi izan dute jatetxea. Nire semeei ofizioa erakutsi diet eta hemen lan egin dute». Azken urteetan Mikelek hartu du jatetxearen ardura.
Auzoaren eraldaketa
50 urtean Ategorrietak izan duen eraldaketa bertatik bertara ikusi dute. «Garai batean auzo izaera izan zuen. Ategorrietak hartzen zuen eremuan zeuden frontoia, erlojua, zaharren egoitza, Zamora, zaharren egoitza, Iturritxo eta inguruko etxebizitzak. Auzotarrek auzoan egiten zuten bizitza, auzoan kontsumitzen zuten», azaldu du Perurenak.
Garai batean poteorako ohitura handiagoa zegoen auzoan. Grosen lan egiten zutenek Ategorrietatik hara jaitsi aurretik zerbait hartzen zuten Iturritxon, eta lanetik bueltan ere bai. «Gastatzeko modua aldatu da. Lehen jendeak egunero kontsumitzen zuen», dio Perurenak. Poteoarekin batera, ezkontza, jaunartze eta agur-afari askorentzako otorduak prestatzen zituzten.
Ategorrietako Irakasle eskolari eta Donostiako Tranbia Konpainiari asko zor dio Iturritxok. Baita alderantziz ere. «Irakasle izateko ikasten ari zirenak tabernara etortzen ziren atsedenaldietan. Gogoan dut ere txirula azterketa prestatzeko entseguak tabernan egiten zituztela», adierazi du Perurenak. Bestalde, garai batean autobus gidariek erlojuan egiten zuten txanda aldaketa, eta betidanik tabernako bezero fidelak izan dira.
1990eko hamarkadan Iturritxo eraikina eraistear egon ziren alboan egin zuten errepidearengatik. Azkenik, ordea, zutik mantendu zuten. Dena dela, alboko Toki-Onena etxea bota zuten, Ertzaintzak eraikina okupatu zuten pertsonak handik atera ondoren. Euskal Herriko okupazio kasu baten lehen hustuketa izan zen.
Irautea lortu bazuten ere, jatetxearen ateak ixteko eguna gero eta gertuago ikusten dute. «Albistea zabaldu orduko auzotar asko etorri dira galdezka. Gainera, garai bateko auzotarrek bazkaria egin zuten hemen beraien gaztaroko taberna izan zelako», esan du Perurenak. Albistea tristurarekin hartu dutenei ondorengoa esan die: «Niregatik pozteko esaten diet, atsedena hartzea tokatzen zaidalako. Oso ondo iruditu zaie!».