Infernua, ahaztua baina bizia
Errotaburu eta Añorga artean urteetan zehar ahazturik mantendu den arren, hiriko gune berezi honek bizitza eta iragan propioak ditu. Azken asteetan zehar, Infernua izenez ezaguturiko Ibaetako eremua aktualitate bilakatu da, hildako bat eragin duen suteagatik eta udalak gunearentzako duen hirigintza proiektuarengatik.

Autoko leihatilatik behin eta berriz ikusitako parajea da, baina herritar gehienek gutxitan bisitatu dute Infernua. Gauza ulergarria da, egun, Ibaetako gune aldendu honetan hutsik dauden lantegiak eta etxebizitza gutxi batzuk besterik geratzen ez direlako. Egia esan, izen poetikoa izateaz gain, lekuak berak eleberri beltz baten agertokia izateko balio dezake, beste garai bateko horma zaharkituek ematen dioten kutsu misteriotsu horregatik. Leiho apurtuek eta belzturiko paretek leku bakarti eta beldurgarria dela pentsarazi dezakete, baina Añorga eta Errotaburu arteko eremu honetan bizi direnek oso leku lasaia dela diote. Hiriko muturrean kokaturik egotearen gauzak.
Azken egunetan, ordea, Infernua aktualitate biziko gunea bilakatu da, oso bestelakoak diren bi arrazoirengatik. Lehena, Donostiako udalbatzak Ibaetako eremuaren Hiri-Antolamenduko Plan Orokorrean onartu duen aldaketa da, Infernua bizitegi eta zerbitzuen auzo bilakatzeko helburua duena. Bestea, indarkeria matxistari lotua, martxoan Zubiberri bideko eraikin batean pizturiko sutea da. Egun horretan, pertsona batek bizia galdu zuen, bikotekide ohiaren aurkako mendekua bilatzen zuen gizon batek sorturiko suarengatik.
Albisteak albiste, aski ziurra dirudi Infernuak laster garai berri bati ekingo diola. Izan ere, lurraldeko eraikuntza enpresa handiek eskua sartua dute jada Ibaetako txoko ahaztu honetan. Amenabar eta Altuna y Uria enpresak, esaterako, erre berri den eraikinaren eta Oramilen lantegi zaharraren jabeak bilakatu dira, hurrenez hurren. Batzuek etorkizunean kokatzen duten eremuak, ordea, badu ere gordea izatea merezi duen iragan bat.
Infernua, hipotesiz jositako izena
Lantegiz eta etxebizitzez betetako Ibaetako eremu honi deabruaren etxearen izena nola egokitu zitzaion jakitea ez da gauza erraza izan. Badirudi izen horren jatorriari buruz galdeturiko pertsona bakoitzak bere azalpen propioa duela.
Azken urteetan zabaldu den hipotesietako bat Infernuan gertaturiko beste sute batean oinarritzen da. Teoria horren arabera, Donostia inguratzen duen N-1 errepidearen bidea egiterakoan moztutako zuhaitzengatik datorkio izena Ibaetako guneari. Dirudienez, XIX. mendearen erdialdean mozturiko enbor horiek Infernuaren eremuan pilatu zituzten, su emateko. Hor pizturiko sutea izugarrizkoa izan zen, eta istorioaren arabera, bere sugarrak asteetan zehar mantendu ziren bizirik. Hori dela eta, inguruko bizilagunek Infernua izenarekin bataiatu zuten leku hura.
Josu Tellabide historialari eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea, aldiz, ez dator bat teoria horrekin. Izan ere, garai hartan, gaur egun bezala, egurrak balio handia zuela azpimarratu du, etxeak berotzeko erabiltzen zelako. Horregatik, zuhaitz horiek erretzea “zentzugabekeria bat” izango litzatekeela azaldu du Tellabidek.
Badira denboran hurbilago kokatzen diren beste teoria batzuk, Infernuaren izenaren jatorria azaldu lezaketenak. Horietako batek dio izena 36ko gerratik datorkiola, aldundiak han duen eraikinean frankistek sortutako kartzelagatik. Beste batek, berriz, ondoko errepide batean zegoen bihurgune batekin azaltzen du bere jatorria, antza denez, istripu ugari eragiten zituelako. Tellabidek bata eta bestea baztertu ditu, ordea, bere ustetan, Infernuaren izenaren jatorria “askoz zaharragoa” delako.
Historialariaren arabera, eremu hartan kokaturik zeuden eraikinen izenen kontrapuntu gisa sortu zen Infernuaren izena, «euskaldunok, betidanik, lekuei eta pertsonei ezizenak jartzeko ohitura izan dugulako». Hain zuzen, Añorga eta Errotaburu artean, Belen izeneko paradore bat eraiki zen 1860ko hamarkadan, eta egungo Zapatari plazaren eremuan, Jaungoikoenea ezizena zuen ostatu bat zegoen. Hori dela eta, garaiko herritarrei bien arteko eremuari Infernua ezizena jartzeko ideia hoberik otu ez zitzaiela azaldu du Tellabidek.
Kartzela, lantegiak eta etxebizitza okupatuak
Edozein dela izenaren jatorria, 36ko gerraz geroztik Ibaetako gunea pertsona askorentzat benetako infernu bilakatu zela egia da. Izan ere, Ondarretako kartzelan sartzen ez ziren presoak bertara eraman zituzten urteetan zehar, aldundiak Infernuan duen egoitzara, hain zuzen. Frankistek ziegak eta presoentzako patio bat eraiki zituzten bertan, eta horko hainbat preso Hernanira fusilatzera eraman zituztela zehaztu du Tellabidek.
1950eko hamarkadatik aurrera, berriz, Infernuak beste garai bat ezagutu zuen, hainbat enpresek hor eraiki baitzituzten euren lantegiak. Besteak beste, La Gipuzcoana, Citroen eta Pesaren eraikinek bestelako izaera bat eman zioten guneari, egun ezagutzen dugun paisaiari forma emanez.
Belen izeneko paradorea 1960ko hamarkadan eraitsi zuten, baina ordurako, Infernuan baziren ere oraindik zutik mantentzen diren etxebizitzak: hala nola, Belen-berri eta Zubiberri. Eta, urteen buruan enpresa gehienek etorritako moduan alde egin bazuten ere, Infernuko biztanleek euren etxebizitza leku berean mantendu nahi izan zuten, eraikin hutsez inguraturik egon arren.
Auzotar horiek ez ziren, ordea, denbora luzez bizilagunik gabe egon. Izan ere, hutsik geraturiko espazioak laster euren bizitoki bilakatu zituzten zenbait herritarrek. Aldundiko funtzionarioek Infernuan zituzten etxebizitzak, esaterako, okupatuak izan ziren duela zenbait urte, eta joan den hilean erre zen eraikina hainbat pertsonen etxebizitza izan da azken zazpi urteetan zehar.
Hori aintzat hartuta, Donostialdeko okupazio mugimenduak ohar bat plazaratu zuen martxoaren 1eko sutearen hurrengo egunean, zenbait euskal hedabidek euren albisteetan “etxebizitza okupatuen kriminalizazioa” sustatu zutela salatzeko. Hain zuzen, erretako eraikinean bizi ziren pertsonak «aterpegabeko» gisa deskribatu zituztela nabarmendu zuen okupazio mugimenduak, horrekin euren etxea zela ukatzen ari zirela azpimarratuz.
Gainera, hedabideen jarrera hori seinalatzeaz gain, oharrak “etxebizitza okupatuen kontrako ofentsiba potentzial bat” aurreikusten zuen udalaren partetik, Infernuko etxeak hustu eta auzoa suntsitzea bilatuko duena.
Adierazpen horiek udalak Ibaetako eremuan garatu nahi duen hirigintza proiektuarekiko erreferentzia zuzena dira. Izan ere, plana aurrera eramateko asmoa hainbatetan berretsi dute udal ordezkariek, eta maiatzaren 26a iristear dagoen arren, udal-hauteskundeen egunerako proiektua bideratuta utzi nahi duela argi utzi du Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak.
Ibaetan, ordea, denek ez dute etorkizuna horren garbi ikusten. Teyo Pisabarrosek 25 urte daramatza Infernuko Oisa argiztapen enpresan lan egiten. Martxan jarraitzen duen eremuko azken lantegia da berea, eta aitortu du berari eta bere lankideei oraingoz udaleko inork ezer esan ez diela: “Urteak daramatzagu halakoak entzuten. Beste hainbatetan bezala, soilik hauteskundeei begirako estrategia izan daitekeela uste dut. Hortaz, etorriko dena ikustear dago oraindik”.