Belartzako errekako goiko aldea ez artifizializatzeko eskatu du Eguzkik
Belartzako Errekatxulo deituriko errekako 80 metroko tarte bat leheneratzen ari dira, eta hori “ekosistemak errekuperatzeko beharrezkoa” dela nabarmendu du Eguzki Talde Ekologistak, baina aldi berean, “artifizializatzen jarraitzeari uko egitea ezinbestekoa” dela gogoratu du.
Leheneratzen ari diren tarte horretan, metro bateko zabalera duen kaxoi zuzen eta aldapatsu batetik pasatzen da ura, asfaltoaren azpitik sartzen da eta Lore Tokin azaleratzen da. Proiektu horri bertuteak ikusten dizkiote ekologistek, izan ere, “agerian uzten du egoera zailenetan dauden errekak asko hobetu daitezkeela”.
Baina eremu hori leheneratzen ari diren bitartean, Belartzako goiko aldea arriskuan dagoela salatu du Eguzkik. Izan ere, ekologisten arabera, Donostiako Udala sustatzen ari den Belartza II poligonoaren proiektuak aurrera jarraitzen badu, zonalde horretan dagoen Hirubide erreka suntsituta geldituko da. Hori gertatuko balitz, Eguzkiren aburuz, Errekatxuloko leheneratzea “kosmetika ariketa huts bat baino ez litzateke izango”.