Jose Ramon Garcia Lopez Musikeneko ikasleak irabazi du Donostiako Orfeoia-Musikene saria
Apirilaren 30ean emango diote III. Donostiako Orfeoia-Musikene saria Musikeneko ikasle Jose Ramon Garcia Lopezi (Malaga, 1996), bere ikasketen amaierako ‘Bideo-jokoetarako musika konposizioa. Indie konpositore baten ikuspegitik egindako hurbilpen bat’ lanarengatik. 12:00etan jasoko du saria Garciak, Musikeneko Organo aretoan, ekitaldi publiko batean.
Lan horren helburua bideo-jokoetako musikaren ezaugarriak azaltzea da, eta esparru horrekiko interesa duten musikariak edo jakin-mina duen pertsona oro bideo-jokoen musikaren mundura hurbiltzea. 2014an hasi zen Garcia hainbat bideo-jokotako musika konposatzen, eta Depths of Limbo, Zeroptian Invasion eta Rise to Ruins bideo-jokoetako musika egin du, besteak beste. Bestalde, soinu atal onenaren saria irabazi zuen 2016ko MalagaJam topaketan, Doitean bideo-jokoarengatik, eta musika onenaren saria irabazi zuen aurtengo urtarrileko Global Game Jam topaketan, Abaya bideo-jokoaren musikarengatik. Katarina Gurskaren ikus-entzunezko bitartekoetarako konposizio masterra egiten ari da gaur egun Garcia, eta baita Burning Knight eta Pushy & Pully bideo-jokoetako musika konposatzen ere, besteak beste.
2015. urtean sortu zuten saria Musikenek eta Donostiako Orfeoiak lankidetzan, Musikeneko ikasleen artean Euskal Herrian musika arloko ikeketa laguntzeko eta bultzatzeko. Ikasketen amaierako lanean 9ko kalifikazioa edo hobea lortu behar da saria lortu ahal izateko eta, gainera, ebaluazio epaimahaia da hautagaiak proposatzeko arduraduna.