"Ez zait gehiegi gustatzen 'bilbainadak' botatzea, baina kontzertua oso ikusgarria izango da"
Hilabetea bukatu aurretik, hilaren 30ean, kontzertua eskainiko du Sega Sound Killers talde gipuzkoarrak Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan (21:00).
Antzezlan bat izan zen abiatzeko hauspoa, eta horrela elkartu ziren musika elektronikoa jorratzeko. Iñaki Altolagirre Matxet (Jousilouli, Anai Arrebak) musikari eta artistaren abentura berria da.
Zer da Sega Sound Killers?
Belarra mozteko Igeldoko bizilagunen elkartea da. Ez, musika talde bat gara!
Performance baterako sortu zenuten, edo taldea sortzeko ideia lehenagokoa da?
Lehenagokoa da. Marga Altolagirrek zuzenduriko Tartufo antzezlanaren moldaketaren musika sortu eta zuzenean aritu ginen antzezleekin. Orduan, oraindik ez ginen Sega Sound Killers.
Lau kidek osatzen duzue banda, eta baduzue zuen kurrikulum musikala. Zeintzuk zarete?
Ektz, Matxet, Lusar eta Eneko L. Ibilbide desberdinak egin ditugu laurok. Iragana norbaiti axola al zaio?
Zerk elkartu zaituzte halako egitasmo bat aurrera eramateko?
Pertsonalki, neretzat beti prozesu berdina da; neure burua eta bihotza beste testuinguru batean jartzea eta ikastea. 40 urte talde berdinarekin aritzea eta abesti berdinak jotzea aspergarria da. Hasiberriak telesaila ikustea bezala da; ezingo nuke. Bizitza azkar pasatzen da. Ektz ezagutu nuen eta talde elektroniko bat egiteko sekulako gogoarekin geunden biak. Pixkanaka, abestiak egiten hasi ginen. Eneko bateria fitxatu genuen, eta azkenik, Lusar jaunari proposatu genion gure proiektua.
Kraftwerk, Black Sabbath eta Bad Brains aipatu dituzue erreferente bezala. Koktel berezia osatu duzue?
Izen horiek jarri genituen gure promozio orrian erreferentzia gisara. Azken batean, nahiz eta elektronika jorratu, gure esentzia metal, hardcore, punk eta rock doinuetan oinarritzen da. Sumatzen da, asko gainera.
Donostian abiatu zenuten abentura aipaturiko performance delakoarekin. Non izan zen, eta nolakoa izan zen esperientzia?
Esperientzia oso indartsua eta aberatsa izan zen. 50 aktorerekin bi egunetan 12 emanaldia egin genituen. Hau da, 30 minutuko 12 kontzertu eskaini genituen bi egunetan. Nahiz eta heriotza segarekin etorri zen, bizirik atera ginen. M.A. Laborategiak San Martin azokako arrandegia Blade Runner filman agertzen den merkatu bihurtu zuen. Han izan zenak seguru ez duela esperientzia ahaztuko.
Lehen kontzertu ofiziala, nolabait, Hondarribiako Psilocybenean eskaini zenuten. Zuen proposamena behar bezala taularatzeko unea izan zen?
Bai, gustora aritu ginen. Hala ere oraindik lan asko daukagu esku artean The Prodigy eta Justice gisako taldeen senideak izateko.
Apirilaren 30ean, berriz, Donostiara itzuliko zarete. Tabakaleran ariko zarete. Nolakoa izango da emanaldia?
Ez zait gehiegi gustatzen bilbainadak botatzea, baina kontzertua oso ikusgarria izango da.
Abesti bakarra zabaldu duzue sarean. Ordea, disko edo grabaziorik plazaratzeko asmoa duzue?
Bai, uda ondoren kaleratuko dugu gure lehen lan laburra. Adi egon, esperientzia berri bat bizi nahi baduzu, Sega Sound Killers da zure talde berria.