Gaztearen heriotza salatzeko udalak elkarretaratze isila egingo du arratsaldean
Udalbatzak aho batez adostu du, eta herritarrei parte hartzera deitu die "euren salaketa eta gaitzespena azaltzeko".
Donostiako Udalak elkarretaratze isila egingo du gaur arratsaldean, 17 urteko gaztearen heriotza salatzeko. Alderdi Ederren izango da 18:00etan, udaletxearen aurrean. Udalbatzak aho batez adostu du elkarretaratzea, eta herritarrei parte hartzera deitu die “euren salaketa eta gaitzespena azaltzeko”.
Ostiral goizaldean borroka batean larri zauritu zuten 17 urteko gazte donostiarra atzo hil zen Donostiako ospitalean, koman egon ondoren. Donostiako Udaletxearen eta Klub Nautikoaren arteko bidean borroka bat izan zen hainbat gazteren artean, eta han zauritu zuten.
Udalak erasoa gaitzetsi zuen eta adierazpen bateratua plazaratu. “Elkartasuna, gertutasuna eta maitasuna” adierazi die “justifikaziorik gabeko erasoa” jasan duen biktima gaztearen senideei. Era berean, horrelako bortizkeria kasuen aurrean “gaitzespenik irmoena” egin dute. “Izan ere, ez dute izateko arrazoirik eta bakarrik jasaten dutenari zentzurik gabeko mina sortzen diote”.