Donostiako Gizarte Zerbitzuek 14.883 familiari eman diete laguntza azken urtean
Egiatarra zahar etxearen sarrera. (Argazkia: Iñaki Agirre) Donostiako Gizarte Zerbitzuek 14.883 familia (bizikidetza unitate) lagundu zituzten 2018an udalaren arabera, 2017an baino 283 familia gehiago. Familia horietako 3.677k lehen aldiz eskatu zuten laguntza Gizarte Zerbitzuetan. Gizarte Larrialdietarako Laguntza jaso duten familia kopurua igo bada ere, behar izan dituzten ekarpen ekonomikoak %6,5 jaitsi dira, 2017ko datuekin alderatuta.
Indarkeria matxista dela eta laguntza jaso duten emakumeen kopurua igo egin da, 172 emakumeri egin baitzitzaien arreta 2018an, aurreko urtean baino sei emakume gehiagori, alegia. Bestalde, 1.687 adingaberi egin zieten arreta 2018an; 1.005 adingaberi detekzio goiztiarreko programei esker egin zitzaien arreta, 579 kasu babesgabetasun arin edo moderatukoak izan ziren, eta 103 kasu babesgabetasun larrikoak. Adineko pertsonei dagokienez, 2018an 1.688 etxebizitzatan bizi diren 2.352 pertsonek jaso zuten Etxeko Laguntza Zerbitzua, eta laguntza hori jasotzeko 856 eskaera berri izan ziren.
Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, 28.567.238 euroko aurrekontua izan zuen Gizarte Ekintzako departamentuak 2018an, hau da, 2017an baino 2.139.238 euro gehiago izan zituen. Horretaz gain, Egiatarra Erretiratuen Elkartea iaz berriztatu zela gogoratu du San Romanek, “hiriko gainontzeko 22 elkarteek bezala, Donostiako adinekoek hiriko bizitza sozialean parte hartzen jarraitzea ahalbidetzearen aldeko lan izugarria” egiten duela nabarmenduz.

