Hildako gaztearen ustezko zazpi erasotzaileetatik sei espetxeratu ditu epaileak
Donostiako udaletxearen inguruan jasotako jipoi baten ondorioz igandean ospitalean hildako 17 urteko mutilaren ustezko zazpi erasotzaileetako bat baldintzapean aske utzi zuten atzo, epaitegietako iturriek jakinarazi zutenez. Gainerakoak espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak, homizidioa leporatuta. Ustezko erasotzaileak 18 eta 25 urte bitarteko gizonezkoak dira, eta gaztea hildako lekuan atxilotu zituen Ertzainak. Hasieran lesio larrien delitua leporatu zieten, baina gaztearen heriotzaren ostean, homizidio delitua eta lesioak leporatu dizkie epaileak. Fiskalak egin zuen sei gazteak behin-behinean kartzelatzeko eskaria, eta epaileak horri jarraituta hartu zuen erabakia. Akusatuen defentsak, aldiz, aske uzteko eskatu zuen.
Elkartasun keinuak
Senide eta lagunei adierazitako elkartasun keinuak etengabekoak izan dira egun hauetan, eta horren erakusle dira atzo arratsaldean egin zituzten bi elkarretaratzeak. Udalak antolatu zuen bat, eta bestea mutilaren familiak. Udal talde guztiek aho batez deitu zuten elkarretaratzera, eta erasoa gaitzesteko adierazpen bateratua plazaratu zuen.
Sare sozialetan mezu ugari zabaldu dira atxilotutako gazteek atzerriko jatorria dutela nabarmendu dutenak, eta hildako gaztearen amak gorrotoa baztertzeko eskatu dio gizarteari epaitegitik atera berri ETBri egin dizkion adierazpenetan. Gertakaria migratzaileen aurkako mezuak zabaltzeko erabiltzea salatu du, eta agintariei “benetako gizarteratzea” bultzatzeko neurriak eskatu dizkie.