Hiriko memoria historikoa berreskuratzeko informazio panelak jarri ditu udalak
Donostiako Udalak bost informazio panel jarri ditu hirian, Espainiako Gerrako eta diktadura garaiko lekuetan. Zehazki, Parte Zaharrean, Erdialdean eta Bidebietan ikus daiteke hautaturiko irudiak. Mahai batzuetan jarri dituzte, argazki zaharra eta testua azuleju batzuetan.
Hiriko memoria historikoa berreskuratzen urteak daramatza udalak. Horretarako, programa eta ekintza sail bat aurrera darama Giza Eskubideen Sailak. 1936 eta 1975 urte bitartean gertatutakoaren berri eman nahi diete herritarrei, batez ere gazteei, eta garai hartako irudien bidez, hiriarentzako gertaera garrantzitsu batzuk izan ziren leku esanguratsuenetako batzuk gogorarazi. “Neurri horren bidez, gure iraganaren gaineko ezagutza eta hausnarketa bultzatu nahi da, eta oraindik irekita dauden zauriak itxi”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Donostiako Memoria Historikoaren leku enblematikoenak aukeratzeko, 2015etik aurrera hiriko ikastetxeekin egiten ari den Memoria historikoaren ibilbidea jardueran oinarritu da udala, eta Memoriaren bidezidorrak txostena ere kontuan izan dute.
Bost irudien kokapenak
- Donostiako Udaletxearen alboan: borroka lekua izan zen. Miliziak udaletxearen aurretik pasatzen ikusten dira argazkian.
- Okendo plaza: Errepublikaren aurka altxatu ziren militarrek Maria Cristina hotela hartu zuten, eta borroka gogorra izan zen han. Hotelaren hormek ondo asko erakusten dute.
- Larramendi eta Urbieta kaleen bidegurutzea: han barrikada bat jarri zuten miliziek. Inprobisatutako arma batzuk hartu eta atzera eginarazi zieten militar matxinatuei.
- San Jose ikastetxea: Donostian falangistek irabazi ondoren jende asko atxilotu zuten, eta emakumeen kartzela izan zen ikastetxea.
- Allende parkea: Bidebietako tiro eremua han zegoen, eta fusilamendu tokia zen.