Bi urte geroago, hondamendia berdin

lourdes txiki 2 urte geroago

Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Lourdes Txikiko magala leheneratzeko eta berreskuratzeko eskatu du. Duela bi urte egindako “zuhaitz mozketa basatiak” eragindako hondamendia eta inpaktua oraindik konpondu gabe dagoela salatu du ohar baten bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari adierazi diote txikizioaren egilearentzat araudiaren zigorrik gogorrena nahi dutela. Eta Enrique Ramos hirigintza zinegotziaren dimisioa edo kargutik kentzea exijitu dute: “Gertaturikoa gehiegi izan dela iruditzen zaigu eta horregatik ez dugu Enrique Ramos gehiago zinegotzi gisa ikusten. Maiatzeko hauteskundetatik ateratzen den udal gobernuan, edozein dela ere, Enrique Ramosek ez lukeela egon behar uste dugu”.

Haritzalderen oharra:

Dagoeneko 2 urte luze igaro dira segurtasunaren aitzakian Donostiako Udal Hirigintza “jasangarria” (???) deituriko Sailak, hiriko planeamenduak zonaldeari ematen zion babes mailari erreparatu gabe, Ekintza ikastolaren gaineko magalean gerriko zabal batean zuhaitzak mozteko agindua luzatu zuenetik. 730 egun baino gehiago banketxe ezagun baten etxegintza alorreko enpresa batek, lursailaren jabea alegia, lanak egiteko inolako baimenik gabe txikizioa burutu zuenetik. 24 hilabete ehun urtetik gorako hariztia, Udalak berak Planeamenduan aitortutakoa eta babesturikoa, kendu zigutenetik. Antza denez, ordea, ez omen da nahikoa izan zonaldea, lehengoratze eta birlandatze lanak burutu ahal izateko. Kasualitatea ote?

Gertatu zirenean, egintzak gogor salatu genituen eta eremua berreskuratzeko berehalako neurriak eskatu genituen zigor eredugarria ezartzearekin batera. Urtebete pasata, gertatutakoaren inguruan informazio gehiago eskutan, aldaketarik ez zela eman berriro salatu genuen eta Udalaren ardura ikusita, Hirigintzako zinegotzia den Enrique Ramosen dimisioa publikoki eskatu genuen.

Berriki, otsailaren 25ean hain zuzen ere, Donostiako Ingurumen Kontseilu sektorialeko azken bileran Enrique Ramos zinegotziaren agerpena izan zen eta hari idatzi honetan azaltzen den guztia aurpegiratu genion, zuzenean haren burua eskatuz, hau da, bere dimisioa eskatuz, baina alferrik. Denbora honetan guztian, udaletik ez dira gauza izan baieztatzeko lanok egin zuenei salaketarik edo isunik jarri ote zaien. Gezurra badirudi ere, Udala zuhaitz mozketa betearazteko gauza izan zen, baina txikizioa neurtzeko eta kontrolatzeko ez, eta are gutxiago orain malda lehengoratzeko eta berreskuratzeko. Orduan gertaturikoa kasualitatea izan zen? Udal Hirigintza eta etxegintza sustatzailea batera? Horrela ez bada, zergatik Udalak ez zuen agindutakoa zaindu? Zergatik ez zituen lanak gelditu? Zergatik isunik ez eta zergatik ez du behartu jabea lursaila berreskuratzera? Eta oso galdera garrantzitsua: zergatik Enrique Ramos ez zen gauza izan Ingurumen Kontseiluko bileran Udal Planeamenduan Lourdes Txikirako basoak zuen babes-maila mantentzeko konpromisoa hartzeko? Susmagarria oso.

Hortaz, Haritzaldetik beste behin Lourdes Txikiko magala lehengoratzea eta basoa berreskuratzea eskatzen dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari Txikizioaren egilearentzat araudiaren zigorrik gogorrena nahi dugu. Eta Enrique Ramosen dimisioa edota kargutik kentzea exijitu egiten dugu. Gertaturikoa gehiegi izan dela iruditzen zaigu eta horregatik ez dugu Enrique Ramos gehiago zinegotzi gisa ikusten. Maiatzeko hauteskundetatik ateratzen den udal gobernuan, edozein dela ere, Enrique Ramosek ez lukeela egon behar uste dugu.

Euren Hirigintza Saila, beraiek “iraunkorra” deiturikoa, jasanezina da oso eta “txikizio etengabea” dakar. Lourdes Txiki, Eskusaitzeta, Belartza 2ko mehatxu erreala… Hau ez da nahi dugun hiria. Horregatik guztiagatik, herritarrei Donostia Defendatuz koordinakundearen parte garen aldetik, datorren maiatzaren 4an, arratsaldeko 17:30ean Easo plazatik irtengo den manifestaldian parte hartzeko deia egiten diegu. Egungo politikak hiria salgai dauka eta mobilizatu beharra dago. Larunbatean denok kalera!

HITZAkide HITZAkide