Claret ikastolako 29 irakasleak lanik gabe geratuko dira
Ikasturte bukaeran Groseko Claret ikastolak ateak itxiko ditu. Ikasleak inguruko eskoletan kokatu dituzte, baina irakasleen etorkizuna kolokan dago. Horregatik, lanik gabe geratuko diren 29 irakasleek protesta egin dute ikastolaren aurrean.
Gurasoen elkartearen babesa dute irakasleek, eta ikastolari euren etorkizuna bermatzeko eskatu diete. “Arduradunek ez dute agertu borondaterik kaleratzeak saihestu eta negoziatzeko, eta hori oso mingarria da guretzako”, adierazi dute.
Eusko Ikastola Batza patronaleko kidea da Claret ikastola, eta eurek Partaideko ikastolekin adosturiko hitzarmen bera aplikatzeko eskatzen dute irakasleek. Alegia, lan poltsan sartzeko eskaera egin dute. Momentuz, ordea, ikastolako arduradunek ez diete horretarako aukerarik eman. Aldi berean, adierazi diete ezin dituzte Bizkaiko Askartza Claret eta Iruñeko Claret Larraona eskoletan kokatu.