Batera irakurtzeko elkartuko dira berriro ere
Maiatzaren 8tik ekainaren 12ra bitarte asteazkenero elkartuko da Irakurketa Errazeko Taldea Ernest Lluch liburutegian. Oraingoan, Fernando Morilloren ‘Santiago bidearen misterioa’ izango dute irakurgai.
Irakurketa Errazeko Taldea batera irakurtzeko elkartzen den pertsona taldea da. Euskara ikasten ari den edo euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duen jendearentzat da, eta helburu nagusiak euskaraz irakurtzeko lilura suspertzea eta testua ulertuz gozatzea dira, horretarako, irakurleen artean irakurketa eta mintzamena piztuz.
Bagera elkarteak 2015. urtetik darama egitasmoaren antolaketan parte hartzen, eta maiatza eta ekaina bitartean seigarren liburuaren irakurketa egingo dute. Hain zuzen, Fernando Morilloren Santiago Bidearen misterioa lana irakurriko dute, eta lehen aldiz Amara Berriko Ernest Lluch liburutegian izango dira saioak, asteazkenetan. Maiatzaren 8an hasiko dira, eta ekainaren 12an amaituko dituzte. Taldea 12:00etatik 13:00etara batuko da, eta izen emateko epea maiatzaren 7an amaituko da; Bagera elkartearen egoitzan (Hernani kalea 15, behea), 943 005 074 telefonoan eta bagera@bagera.eus helbide elektronikora idatzita egin daiteke.
Lau urte oparo
«2015ean Gaumin argitaletxea Bagerarekin harremanetan jarri zen euskarazko Irakurketa Errazeko talde bat Donostian sortu nahi zuelako, eta Mintzalagunentzako eskaintza polita izan zitekeela iruditu zitzaigun», azaldu du Bagera elkarteko Zuriñe Gonzalezek. 2016an, berriz, Lectura Facil Euskadi Irakurketa Erraza taldeak hartu zuen ardura, eta ordutik beraiekin jarraitu dute lanean. Gonzalezen arabera, egitasmoak harrera ona izaten du herritarren artean, eta jende askok eman ohi du izena.