Hiriko oroimen historikoa ezagutzera emateko
Donostiako Udalak bost informazio panel jarri ditu hirian, Espainiako Gerrako eta diktadura garaiko lekuetan. Zehazki, Parte Zaharrean, Erdialdean eta Bidebietan ikus daitezke hautaturiko irudiak. Mahai batzuetan jarri dituzte, eta panela azuleju batzuekin osatu dute. Horietan, guneari loturiko argazki zahar bat eta informazioa ikus daitezke.
Hiriko oroimen historikoa berreskuratzen urteak daramatza udalak. Horretarako, programa eta ekintza sail bat aurrera darama Giza Eskubideen Sailak. 1936 eta 1975 urte bitartean gertatutakoaren berri eman nahi diete herritarrei, batez ere gazteei, eta garai hartako irudien bidez, hiriarentzako gertaera garrantzitsu batzuk izan ziren leku esanguratsuenetako batzuk gogorarazi. «Neurri horren bidez, gure iraganaren gaineko ezagutza eta hausnarketa bultzatu nahi da», azaldu du Eneko Goia alkateak.
Lekuak aukeratzeko, 2015etik aurrera hiriko ikastetxeekin egiten ari den Memoria historikoaren ibilbidea jardueran oinarritu da udala.
Kokapen zehatzak
Hiriko bost gunetan kokatu dituzte informazio panelak. Udaletxearen alboan ikus daiteke bat, borroka lekua izan zelako. Larramendi eta Urbieta kaleen bidegurutzean topa daiteke beste bat, miliziek han barrikada bat jarri zutelako. San Jose ikastetxea ere hautatu dute gune gisara, emakumeen kartzela izan baitzen. Hiriaren erdialdetik urrutien dagoena Bidebietan kokatu dute, Allende parkean. Fusilamendu tokia izan zen. Okendo plazan dago bosgarrena; izan ere, Maria Kristina hotela hartu zuten Errepublikaren aurka altxatu ziren militarrek.