Lehen lerroan gaude
Malen Aldalur Azpillaga
Emakume* aurpegia du zalantzarik gabe aurtengo Maiatzaren Lehenak gurean. Etxez etxeko garbitzaileak, erresidentzietako langileak, epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileak, eskola-jantokietako langileak… Atzean geratu dira gizonezkoak pankartak hartuta eta ezkerreko eskua altxata haserre aurpegiarekin ikusten genituen zuri beltzeko argazkiak. Orain, etxeko andreak, zaintzaileak eta garbitzaileak daude kalean, pankarten atzean, ezkerreko eskuak altxatuta eta haserre aurpegiz. Sindikatuetako aurtengo kartelak begiratu besterik ez dago azken urteetan iruditegia nola aldatu den ohartzeko.
Ugariak gara: musutruk lan egiten duten etxekoandreak, langabeak, prekarioak edota zerbitzuetako, eskoletako, zaintzako, nekazaritzako, bulegoetako enplegatuak, zein jendarte zibilean, auzo elkarteetan, migranteen harrerarako mugimenduetan, kulturgintzan antolatuta daudenak. Hala azaldu zuen Euskal Herriko Bilgune Feministak maiatzaren 1aren harira idatzitako testuan. Ugariak gara eta antolatuta gaude.
Martxoaren 8ko greba feministaren ardatzetako bat izan ziren zaintza lanak eta aise bete genituen Donostiako kaleak aldarri feministez. Bazterrak eraman genituen hiriko erdigunera: transak, bollerak, emakumeak*, pentsionistak, gazteak, migranteak, batu ginen Donostian. Maiatzaren 1ean ere gorputz langile horiek denak atera ginen kalera. Izan ere, badugu zer aldarrikatu. Hiriko lanbide prekarizatuenetan gaude emakumeak*, gazteak eta migranteak. Zaintza eta etxeko lanetan, ostalaritzan, eta, baita Ubiken (Tabakalera) ere. Bulegoak garbitzen, zaharrak zaintzen, ordaindu gabeko orduak egiten, kontraturik gabe. Horregatik guztiagatik geure buruak eta politika publikoak diseinatzen dituzten erakundeak interpelatu behar ditugu. Neskametza mozorrotuarekin eta emakume migratuak esplotazio egoeran jartzen dituen neokolonialismoarekin amaitu behar dugu; lan eskubide duinak defendatu behar ditugu; zaintza lanak prekarizatzen dituen azpikontratazioekin amaitu behar dugu.
Bizitza bizigarriak bizi nahi ditugu, eta horretarako beharrezkoa da zaintzari zentralitatea ematea, bizitza bera erdigunean jartzea. Zergatik? gorbatadun ugarik jauzarazten gaituzten bezala, amantala eta eskularruak daramatzatenak jaikiarazten gaituztelako. Horregatik, itotzen gaituen kapitalismo basatitik askatu behar dugu, produzitzean baino izatean indarrak jarrita. Amantalak izeki genituen maiatzaren 8an, harrikoa egiteko erabiltzen ditugun eskularruak jantzita altxatu ditugu ukabila maiatzaren 1ean, eta erratzak eta lanbasak autodefentsarako erabiltzeko prest gaude.