Dortsal guztiak agortu ditu AB Krossak, hamaikagarrenean ere
11. AB Krosseko podiuma.Maitane Aldanondo Hamarkada berri bati osasuntsu ekin dio AB Krossak. Hamaikagarrenez jokatu dute larunbat arratsaldean Amara Berri eta Loiolako Erribera auzoetan barrena, eta, iaz bezala, 250 korrikalarik parte hartu dute, ibilbidea behin edo bitan osatuta, alegia, hiru edo sei kilometroko bidea eginda. Dortsal faltan, batzuk parte hartzeko gogoz gelditu badira ere, proba antolatzen duen Berritsu elkarteak oraingoz, ez dute kopurua zabaltzeko asmorik.
Irteera eta helmuga, Isabel II.a kalean jarritako arkuan zegoen. Hobe esan, askuetan, gaur bi baitzeuden, Irutxuloko Hitzak ere jarri baitu berea. 19:00etan abiatu dira eta ordubete baino lehen partaide denak bueltan ziren. Bide ertzetan, ohi bezala, jende ugari bildu da korrikalariei txalo egin eta animoak emateko. Turkesa kolorea aukeratu dute aurten kamisetarako eta hura soinean parte hartu dute askok. Ohialean, haur eta heldu baten eskuak marraztuta daude, familia asko erakartzen baititu AB Krsosak, eta helmugan asko errepikatzen den irudia da gurasoek seme-alabak eskutik helduta dituztela osatzea azken metroak.
Sorreran auzoan euskara sustatzea zuen xede, orain, gainera, helburu gehigarri du kirola sustatzea. Asmatu dutela dirudi, hasierako urteetan ibilbidean begira egoten ziren haurretako batzuk, egun, partaide baitira. Hala esan adierazi du antolatzaileetako batek Probestu plazan sari banaketa hasi aurretik, indarberritzeko mokadutxoa amaitu denean.
Sari banaketa hasteko, zozketan egokitutako opariak banatu dituzte. Ondoren, Naiara Sarasolak eta Javier Abadek IRUTXULOKO HITZAren urtebeteko harpidetza jaso dute opari, lehen amaratarrak izan baitira. Podiumeko mailetara igo direnak, berriz, honakoak izan dira: emakumezkoetan, garailea zer den izatea badakien Eguzkiñe Zabaleta izan da lehena, Olatz Irazoki oiartzuarra, bigarren, eta Nerea Sanz donostiarra, hirugarrena; eta gizonezkoetan, aldiz, Jon de la Cuestabeasaindarra, Ioritz Etxeberria igeldotarra eta Imanol Gonzalez altzatarra, hurrenez hurren.
Talde argazkia eta Peloxen kontzertuarekin luzatu dute arratsaldea. Hori izan da bukaera, baina arratsaldeari lasterketa baino bi ordu lehenago ekin diote, haurrei bideratutako jarduerekin. Margotzeko aukera izan dute, baita jolastu eta askaria jatekoa ere. IRUTXULOKO HITZAk bere materiala erosteko postua jarri du eta antolatzaileek edari salmenta egin dute. Bien bitartean, parte hartzaileak beren dortsala jasotzeko aukera izan dute.
Jarraian, probako hainbat argazki:

