Reala utziko du Sandra Ramajok, 11 urteren ondoren
Sandra Ramajo Realeko kapitainak kluba utziko du, 11 urtez kamiseta txuri-urdina jantzi ondoren. Ekainaren 30era arte dauka kontratua Ramajok Realarekin, eta, klubak jakinarazi duenez, Irungo atzelariak ez du Realaren berritze eskaintza onartu. 281 partidu jokatu ditu irunadrrak Realarekin, eta Atletico Madrilen aurka jokatuko ditu bere azken bi partiduak; ligako azken jardunaldikoa lehenengo, eta Kopako finala ondoren. 11 urte hauetan izandako “profesionaltasuna eta dedikazioa” eskertu dizkio klubak jokalariari, eta “onena” opa dio bere etorkizunean.
Zale txuri-urdinei mezu bat bidali jokalariak Realaren sare sozialen bitartez. “11 urte zoragarri” izan direla esan du Ramajok, eta Reala bere bihotzean dagoela, baina “aurrerapauso” bat emateko garaia dela. Bestalde, jokalari gazteei lekua uzteko ordua dela ere adierazi du irundarrak: “Emakumeen futbola hazten ari da, eta gazteei lekua uzteko garaia da. Lekukoa jaso dezatela, eta Realari poza ematen jarraitu dezatela”. Realean amets bat bizi duela nabarmendu du jokalariak, eta amets horretatik esnatzen hasi dela. Gainera, eskerrak eman dizkie Ramajok klubari, bere familiari, bere lagunei, jokalariei eta zaleei, eta adierazi du etorkizunean Realarekin lotura izatea gustatuko litzaiokeela.
#EskerrikAskoSan ?⚪?⚪?⚪#AurreraNeskak #RealSociedad pic.twitter.com/PxwfoPmBFU
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedad) May 3, 2019