Loiolako jaien aldeko danborrada herrikoia egingo dute

Udaberriko festa berreskuratuko du Loiolak, maiatzaren 18an. Auzoko festen aldeko danborrada herrikoia egingo dute 12:00etan. Loiola Bizirik taldeak antolatu du, eta auzoko danborradak izan dira sustatzaileak: Loiolatarra elkartea, Zuhaitz danborrada eta La Salle ikastetxea.
Loiolako jai batzordeak bilera hainbat egin ditu azkenaldian festak ez daudelako ekonomikoki unerik onenean. Azken hilabeteetan hainbat jarduera antolatu dituzte dirua biltzeko. “Auzoa dantzan jarri da egoerari aurre egiteko, eta pixkanaka aurrera goaz”, adierazi dute.
Azken urteetan ez dute udaberriko jaia egin, baina aurten danborradek berreskuratzea erabaki dute auzoko festentzako dirua lortzeko. Horrela, danborradan parte hartu nahi dutenek 5 euro ordaindu beharko dute. Parte hartu gabe laguntza ekonomikoa eman nahi dutenek ere aukera izango dute kontu korronte honen bidez: 3505 0149 43 1490022266 (Laboral Kutxa).
Zuhaitz eta Loiolatarra elkarteen lokaletan izena eman ahal izango da hilaren 18an, 11:00etatik aurrera. La Salle ikastetxeak, berriz, ikasleen artean banatuko ditu izena emateko orriak. Era berean, danborrada bakoitzak banatuko du materiala. Bestalde, danborradan parte hartzeko janzkera zein izan behar den adierazi dute: bakeroak eta goiko zatia zuria (kamiseta, poloa edo alkandora). Danborrada herrikoiaren ondoren festa egingo dute auzoan. Mikeltxi musika jartzailea arduratuko da giroa jartzeaz.