Telebistarako euskal fikzioaz eta botere politikoaz ariko dira, besteak beste, Crossover jaialdian
Bihar abiatuko da bigarren Crossover jaialdia, telesailen kultura oinarri duena. Hilaren 11ra bitarte, gizartean horrenbeste hedatu den entretenimenduari buruzko estreinaldi, solasaldi eta proiekzio hainbat antolatu dituzte. Koldo Mitxelena eta Tabakalera artean izango dira jarduera guztiak, eta sarrera librea izango dute edukiera bete arte.
Euskarazko fikzioak tarte berezia izango du jaialdian. Asteazkenean, Goenkaletik Go!azenera: telebistarako euskal fikzioa solasaldia egingo dute Koldo Mitxelenan (19:00). Xabi Zabaleta –Go!azenen sortzaileetako bat–, Ainhoa Larrañaga –aktore protagonistetako bat– eta Olatz Beobide –Goenkaleren errealizadorea– euskal fikzioaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruz arituko dira. Gaizka Izagirre telesailetan aditua izango da moderatzailea.
Egitarauaren beste pizgarrietako bat ostiraleko #Eztabai afaria izango da (21:00). Ni Neu jatetxean politikaren mundua lehen eskutik ezagutzen duten gonbidatuak elkartuko dituzte, beraien ikuspegitik azaltzeko zenbateraino den egia fikzioan agertzen den boterearen eta politikaren arteko harreman hori. Ondorengoek parte hartuko dute: Aitzole Araneta, Jon Insausti, Olaia Duarte, Denis Itxaso eta Borja Semper. Marilo Garcia izango da moderatzailea. Menua kontsultatu eta sarrerak erosteko helbidea.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak eta Kultur Factory agentziak dira Crossover jaialdiaren antolatzaileak. Egitarau osoa hemen topatuko duzue, egunez egun.