"EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak gutxi batzuentzako gobernatu du"
Irabazi-Donostia koalizioak, Ezker Anitza-Iu eta Equo alderdiek osaturikoak, legealdiaren balorazioa egin du. Amaia Martin eta Loic Alejandro zinegotziak izan dira koalizioaren ordezkariak, eta ez dute jarraituko.
Kritiko agertu dira udal gobernuaren azken lau urteetako kudeaketarekin: “EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak gutxi batzuentzako gobernatu du”. Hiritarren arazo garrantzitsuenei udal gobernuak “bizkarra” eman diela gaineratu dute: “etxebizitza, lana, berdintasuna eta ingurumena”.
Irabazik egindako lanari dagokionez, auzoetan presente egotearen aldeko apustua egin dutela azpimarratu dute. “Hilero elkartu gara auzotarrekin, harreman zuzena izateko eta beraien galdera zein kezkak jasotzeko”. Informazio kanpainak ere egin dituzte; esaterako, etxebizitzaren eta lanaren ingurukoak. “Zehazki, bi gai horiek dira donostiarren kezka nagusiak, Herritarren Pertzepzioaren inkestaren arabera”.
Bestalde, gogorarazi dute maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan Irabazi-Donostia osatzen duten alderdiek Elkarrekin Podemos koalizioarekin aurkeztuko direla. Horrekin batera, zerrenda “pirata” bat aurkeztuko dutela salatu dute. “Gure antzeko izena duen zerrenda batek lau urte hauetan egin dugun lana aprobetxatu nahi du. Hauteskunde Kontseiluak hautagaitza baztertu ez izanak atsekabetzen gaitu”.