Terrazen udal ordenantza berrikusteko eskatu dio Arartekoak udalari
Donostiako Udalak terrazen udal ordenantza betetzen ez duela jakinarazi zion Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak Arartekoari. Baimenetan ezarritako baldintzak ere ez ditu betetzen udalak, eta egoera hori aldatzeko neurririk hartu ez duela dio elkarteak. Horrela, Arartekoak udalari eskatu dio terrazen ordenantza berrikusteko.
Elkarteak kexa ugari jarri dizkio udalari, gai askoren inguruan: baimenik gabeko terrazak, baimendutako eremutik kanpo dauden altzariak, terraza muntatzeko ordutegia eta irisgarritasun araudia ez betetzea. Horren aurrean, Arartekoa udalarekin jarri zen harremanetan informazioa eskatzeko. Elkartearen kexa eta informazioa aztertuta, Arartekoak ondorengo gomendioak egin dizkio udalari:
- Berriz azter dezala ostalaritzarako jabari eta erabilera publikoko lurzoruen okupazioa arautzen duen ordenantza, irisgarritasunari buruzko sektoreko araudira egokitu dadin.
- Hobeto ikuska dezala ea betetzen den ostalaritza establezimenduei terrazak jartzeko eman zaizkien baimenetan ezarritako baldintzak.
- Hobeto izapidetu ditzala ordenantza hausteagatik zigortzeko espedienteak, arau-hausteak behar bezala kalifikatuz eta zigorrak legez ezarritako irizpideen arabera mailakatuz.