2.196 sinadura bildu ditu IZBEk mikrobus linea bat jartzeko
Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE) auzoan mikrobus linea bat jartzeko proposamena egin zion apirila hasieran Donostiako Udalari. Proposamena babesteko sinadura bilketa egin dute azken asteetan, eta 2.196 auzotarrek babestu dute auzo elkartearen eskaera. Udaletxean erregistratu dituzte sinadurak.
Auzo elkarteak dioenez, garraio publikoan ez dute auzoko oinarrizko zerbitzuetara iristerik. Anbulategira, kultur etxeetara, kiroldegira, gizarte zerbitzuetara edo farmaziara joateko zailtasunak dituzte. Euren helburua da auzoko gune guztiak lotuko dituen autobus linea bat egitea, bizilagunen arteko harremanak sendotzeko eta komunikazioa hobetzeko.