Atotxako biltegi zaharrean jarriko dute Udal Artxiboa
Donostiako Udalak Atotxako ibilgailuen biltoki zaharra egokituko du Udal Artxiboa han kokatzeko. Lanak egiteko aurrekontua 3,9 milioi eurokoa da eta ibilgailuen biltokiaren zati baten berrantolaketa aurreikusten du, baita ere Blas de Otero plazan sartzeko eta irteteko igogailua, eta eskailerak.
Udalak onarturiko proiektuak ondorengoa zehazten du: kontsulta egiteko gune bereiztu bat bi ordenagailurekin artxiboaren funtsak kontsultatzeko, ikertzaileentzat armairuak, kopiagintza gela bat, 15 pertsonentzako kontsulta gela bat, teknikari eta administratiboentzat bulegoa, sailkatze gela bat eta erabilera anitzerako gela bat Udal Artxiboarekin lotura duten formazio eta dibulgazio jarduerak egiteko. Bestalde, artxiboak zamalanetarako gunea izango du Mandasko Dukearen kalean dagoen arrapalatik sartuta. Han deskargatuko dira dokumentuak.
Lokalen berritzea
Atotxako biltegi zaharrean dauden Xabier Klubaren eta Trebeska Dantza Taldearen lokalak ere berrituko dituzte. Erabilera anitzerako gunearen ondoan, bi gela egingo dira: lehenengoa, eskalada egiteko gela egingo da, rokodromoa eta guzti –Xabier Klubak kudeatuko du–, eta bigarrena, dantza egiteko gela bat, ispilu eta dantza egiteko barrekin, eta guztiz intsonorizatua –Trebeskak kudeatuko du –. Gainera, bi taldeek erabiltzeko aldagelak egingo dira.