EH Bilduk 112 neurri aurkeztu ditu donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko
Lau neurri nagusi azpimarratu dituzte: Donostia Energia, Donostia Kirol Hiria, Ekialdean Bizi programa eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak.
Udal hauteskundeetako programa aurkeztu du EH Bilduk. Donostiarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu, eta horretarako 112 neurri ditu programak. “Hiru oinarriren gainean egingo dugu: oreka, batetik; justizia soziala, bestetik, eta iraunkortasuna eta klima aldaketaren aurkako borroka, azkenik”, azaldu du Markel Ormazabal zerrendako bigarrenak.
Herritarrak eta hain bizi-kalitatea udalaren jardunaren erdian kokatu nahi ditu EH Bilduk, “donostiarrik gabe Donostiarik ez dagoelako”. Hiriak hartu duen norabidearekin donostiarrak kezkatuta daudela nabarmendu du Ormazabalek: “Mugarik gabeko turistifikazioa, ezberdinasunak areagotzea, merkataritza txikiaren gainbehera, etxebizitzaren arazo gero eta larriagoa… eta beste”. EH Bilduren ustez, lehengo desoreka batzuk areagotzen eta berriak sortzen ari dira Donostian. “Aurkeztu dugun programa desoreka horiek gainditzeko da”.
Bizi-kalitate onaren hainbat adibide jarri ditu Ormazabalek. “Lan baldintza duinak, bizimodu osasuntsua izateko eta naturarekin gozatzeko eskubidea, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna, kalitatezko zerbitzu publikoak, auzo bizi eta dinamikoak, udalaren erabakietan parte hartzeko eskubidea, kultur sorkuntzari aukerak ematea eta abar”.
Lau neurri nagusi azpimarratu ditu Olaia Duarte zerrendako hirugarrenak, ondo laburbiltzen dutelako programaren filosofia:
- Donostia Energia udal energia enpresa. Energia merkaturatzaile bat, eta bere egitekoa litzateke udal azpiegiturak eta partikularrak hornitzea energia berriztagarriez. “Klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta justizia sozialaren aldeko neurria da”, azaldu du Duartek.
- Donostia Kirol Hiria. Anoetako gaur egungo azpiegiturak berritzea, kirolarientzako aterpe bat egitea eta gune osoa ikuspegi integral batez dinamizatuko lukeen egitura bat osatzea. “Hiri moderno bat nahi dugu, herritar osasuntsuak nahi ditugu eta gaur egungo azpiegiturei probetxua atera nahi diegu”.
- Ekialdean Bizi programa, Intxaurrondo, Bidebieta eta Altzako herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duena. “Bilduren udal gobernuak fokua Urumean jarri zuen eta soluzioa eman zien uholde arazoei eta orain garaia da begirada ekialdera zuzentzeko”.
- Etxebizitzaren “arazo latzari” aurre egiteko neurriak. “Alokairuaren prezioari muga jartzeko neurriak nabarmendu nahi ditugu. Horrez gain, hutsik dauden etxebizitzak merkatuan jartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitza Legearen mekanismoak martxan jartzea eta, pisu turistikoei dagokienez, lehen solairuaren araua berreskuratzea proposatzen dugu. Izan ere, lehen esan dugun bezala, gure lehentasuna da donostiarrek Donostian bizi ahal izatea eta gainera, ondo bizitzea”.