Etxebizitza publikoen adjudikazioa aldatu dute
Etxegintzaren kontseiluak hainbat neurri hartu ditu legealdia bukatu aurretik. Esanguratsuenak Babes Ofizialeko etxebizitzen banaketari eragiten dio. Orain arte zozketa bidez adjudikatzen ziren etxebizitzak, eta hemendik aurrera baremazio sistema baten bidez egingo dute.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren ustez, sistema berria «justuagoa» da. «Orain arte zozketa baten bitartez adjudikatzen ziren etxebizitza publikoak. Sistema hori nahiko aleatorioa da eta egoera bidegabeak sortu ditzake. Baremazio sistema askoz egokiagoa da, banaketa egiterako orduan elementu objektiboak kontuan hartzen dituelako». Izan ere, puntua- zio bidez banatuko dira etxebizitzak. «Hainbat irizpide daude puntuak lortzeko. Besteak beste, errenta maila, familien kide kopurua eta erroldatze denbora».
Baremazio sistemak zortzi kupo izango ditu, eta bederatzigarren kupo orokor bat, horri sustapen bakoitzeko etxebizitzetatik %40 adjudikatzeko. «Sustapen bakoitzetik %5 mugikortasun murriztua duten pertsonentzat gordeko dira. Alokairuko etxebizitzetatik %5 genero indarkeria kasuak egiaztatzen dituztenentzat izango dira. %3, berriz, adimen urritasuna edo gaixotasuna duten pertsonentzat izango dira», azaldu du Ramosek. Banaketan ere lehentasuna izango dute pentsiodunek. Etxebizitzetatik %9 pentsiodunen eta 65 urtetik gorakoen kupoarentzat erreserbatuko dira. Aldiz, %10 emantzipazio kupoarentzat izango dira, familia ugarientzat %12, eta guraso bakarreko familientzat %10. Azkenik, eta berrikuntza gisara, etxebizitza partekatuena izango da. %6koa izango da horiei ezarriko zaien kupoa.
Banaketa berriak ez du etxebizitzaren arazoa konponduko, baina etxebizitza publikoen adjudikazioa egokiagoa izango dela dio Ramosek. Txominen uda honetan banatuko diren 162 etxebizitzen adjudikazioan aplikatuko da aurreneko aldiz baremazio sistema. «Txomineneko etxeen ostean, udalaren sustapen guztietan erabiliko da sistema berria».
Etxebizitza Plana
Etxegintzaren kontseiluak behin betiko onartu du duela urtebete aurkeztu zen Etxebizitza Plana. Sozialista donostiarren legealdiko konpromisoetako bat zen, eta Ramosek azpimarratu duenez bete ahal izango dute. «Dagoeneko abian da plan berria. Adibidez, etxebizitzak berritzeko diru-laguntzak ematen ari da udala, eta etxebizitzak zatitzeko prozedura abian jarri dugu».
Plana aurkeztu zenetik udalak partaidetza prozesu bat egin du hiriko hainbat kolektiborekin. «Eragile horiek euren iritzia eman dute, egungo etxebizitzek duten egoeraren ikuspegi erreal bat izateko. Horregatik, elementu berriak aintzat hartu dira», azaldu du Ramosek.