Gazte bat epaituko dute Bizitza Da Handienak astebetez eraikin publiko batean eginiko okupazioagatik
Iazko maiatzean antolaturiko Borroka Sozialen Astean okupatu zuten eraikina, protesta gisa eta soilik astebeterako. Okupazioa delitu bat ez dela eta publikoa dena herritarrena dela aldarrikatuz, Bizitza Da Handienak elkarretaratzea egingo du asteartean, 11:00etan, Donostiako epaitegiaren aurrean.
2018ko maiatzaren 19an, Bizitza Da Handiena (BDH) mugimenduak hamabi urtez hutsik egon zen Idiakez kaleko zortzi solairuko eraikin publiko bat okupatu zuen. Borroka Sozialen Asteko lehen ekintza izan zen, eta bertara sartu ziren herritarrek hasieratik iragarri bezala, zazpi egunen buruan eraikina berriro ere hutsik utzi zuten. Ia urtebete beranduago, maiatzaren 14an, gazte donostiar bat epailearen aurretik pasa beharko da eraikin publikoaren okupazioagatik, Ertzaintzaren salaketa dela medio.
Protesta sozialaren kriminalizazioa salatuz, BDHk elkarretaratzea deitu du astearterako, okupazioa delitua ez dela aldarrikatu eta epaituaren absoluzioa exijitzeko. Donostiako epaitegiaren aurrean bilduko dira, 11:00etan, Eraikin publikoak ez dira administrazioarenak, herritarronak baizik! lelopean.
Gainera, Turismoaren Mundu Erakundearen aurka Tabakaleran eginiko kontzentrazioan poliziak herritarren aurka jo eta bi lagun atxilotu zituela gogoratu du BDHk. Bietako bati autoritatearen aurkako atentatua leporatzen diote orain, eta bere epaiketa edozein unetan iritsi daitekeela jakinarazi dute herri mugimenduko kideek.
Maiatzaren 14an Donostiako epaitegi aurrean deialdia 11:00etan:
— Bizitza Da Handiena! (@bizitzahandiena) May 10, 2019
Okupazioa ez da delitua
HARIA pic.twitter.com/YAJZ9jXKwh