Herri Ametsa Ikastolako baratzea
Herri Ametsa ikastolan asko maite dugu natura eta inbidiaz begiratu izan diegu gure bizilaguna den Mendiola baserriko baratze eta abereei. Hori dela eta, Agenda 21eko taldeak sortutako baratzea dugu martxan duela bi ikasturte.
Urtero, lehen hezkuntzako ikasleen artean baratze taldea osatzen dugu. Txandaka aritzen gara, nahikoa lan izaten dugu handiek txikiekin lan egiten, nola gustatzen zaien lokatzetan aritzea eta urarekin dena bustitzea! 1., 2., 3., 4. eta 5.mailako ikasleek baratzea zaintzen dute, eta 6.mailakoek baratzeko blogean idazten dugu baratzean gertatutakoez. Gustura gabiltza kazetari lanak egiten.
Ez genekien, baina barazkiak hazteak lan asko ematen digu: lurra prestatu, landareak ureztatu, haziak erein, landareak kimatu, eta abar. Baratze taldekoei asko gustatzen zaigu aitzurrarekin jo eta su aritzea eta landareak ureztatzea. Gutxien gustatzen zaiguna, ordea, belar txarrak kentzea da, pila bat ateratzen zaizkigu! Neguko hotz eta euriteak pasata, baratzea bete-betea dugu: mota ezberdinetako letxugak, eskarolak, tipulinak, porruak, ilarrak, tomateak, Ibarrako piperrak, marrubiak eta mugurdiak ditugu momentu honetan.
Lehen uztak jaso ditugu dagoeneko, a zer nolako poza! Hainbat ikaskidek eta euren familiek letxugak eta marrubiak dastatzeko aukera izan dute. Goxo-goxoak eta zaporetsuak.
Letxugak primeran hazi dira, ondoko baserriko ahuntzak hamaiketako goxoa egin zuen behin gure letxugak janez. Baratzeko gutiziak ikusita, hesian zulo bat egin eta bi letxuga txikitu zizkigun, eskerrak mimo handiz erein genituen ilarrak dastatu ez zituen…
Baratzea ahalik eta modu naturalenean zaintzen saiatzen gara, ongarri modura, DBH eta HHko ikasleei esker, ikastolako hondakinez sortutako konposta erabiliko dugu. Baratzean bertan dugun konpostagailuarekin, zabortegira zabor gutxiago bidaltzen dugu eta lurra aberastea lortzen dugu.
Asko ikasten dugu baratzean, adibidez, ilar landareetan oso ondo ikusi dugu nola bihurtzen zen leka lorea. Marrubiak zuhaitz handietan hazten zirela uste genuen batzuek, sorpresa izan da marrubiak lurretik hain gertu heltzen ikustea. Tamalez, barraskiloek gure landareak maite dituztela azkar ikasi dugu.
Ikasteaz gain asko gozatzen dugu baratzean, handiek txikiekin eta txikiek handiekin, gustura elkarrekin lanean. Gure landarek ikusi eta belar txarrak kentzen lagundu nahi badiguzue gonbidatuak zaudete!