San Telmo Museoak ekitaldi bereziak antolatu ditu larunbaterako
Larunbatean, maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna izango da. Aurtengo leloa ondorengoa da: Museoak kultura ardatz gisa: tradizioaren etorkizuna. Helburua da azpimarratzea museoek aktore aktibo modura duten paper berriak tokian tokiko komunitateetan. Egunarekin bat egiteko ekitaldi bereziak antolatu ditu San Telmo Museoak.
Asteburuan hainbat jarduera egingo dituzte. Esaterako, Francisco Escudero Kontserbatorioaren eta Udal Musika eta Dantza Eskolaren lankidetzarekin, musikaz eta dantzaz jantziko dute museoa. Larunbatean, 20:00etan kantu errezitaldia egingo dute. David de Oliveira (tenorea), Jon Imanol Etxabe (baritonoa), Itziar Beitia (pianojolea) eta Ainhoa Lopez de Munain (sopranoa) musikariek parte hartuko dute errepertorio zabalarekin. Gainera, egunean zehar musika emanaldi txikiak izango dira museoan zehar.
Igandean, hilaren 19an, dantza emanaldia eskainiko dute, 12:00etan. Euskal dantzak, eta ballet garaikidea eta klasikoa eskainiko dituzte Musika eta Dantza Eskolako Eskolako ikasleek museoko elizan.
Bestalde, asteburuan erakusketa iraunkorrez gain, Heriotza. Ante la muerte eta Arzak bere saltsan aldi baterako erakusketak bisitatzeko aukera egongo da. Doakoak eta publiko guztientzat izango dira, eta larunbatean 22:00ak arte egongo da erakusketak bisitatzeko aukera.