'Subizi gaua' prestatzen hasi dira Egian, San Joan bezperarako
San Joan bezperarako hilabete bat baino gehiago falta den arren, Egian hasi dira Euskal Herriko gau bereziena prestatzeko lanekin. Aurten, Subizi gaua ospatuko dute, eta ospakizuna prestatzeko saio bereziak antolatu ditu Egia Bizirik auzo elkarteak. Herritarrak entseguetan parte hartzera deitu dituzte, eta izena emateko bi modu ahalbidetu dituzte: subizigaua@gmail.com helbidera mezu bat idatziz, eta https://labur.eus/djFR8 helbideko galdetegia betez.
Iaz, gonaz eta erratzaz lagundurik, Egiako 180 emakumek sorgin dantza egin zuten Plaza Haundin, San Joan sua piztu aurretik. Egiako Lilatoi taldearen ekimenez bildu ziren, lehen aldiz, eta egitasmoak erantzun ezin hobea izan zuen. Dantza behar bezala prestatzeko zenbait entsegu egin zituzten aurreko asteetan Aitor Ikastolan. Egia Bizirik auzo elkarteak jakinarazi duenez, aurten, auzoko emakume zein gizonentzako jarduera izango da, eta dantzatzeaz gain, abesteko eta instrumenturen bat jotzeko aukera ere izango da. Suaren aurreko eta ondorengo dantzaldiari dagokionean, aurten, banako herrikoia eta alpargata dantzatuko dituzte.
Auzo elkarteak baldintza bat jarri du izena emateko: bizpahiru entsegutara joateko konpromisoa. Lehen entseguak eta antolaketa bilerak kultur etxean izango dira, 19:00etan, honako egunetan: maiatzaren 7an musikariak, maiatzaren 8an abeslariak, eta maiatzaren 9an dantzariak. Jarduera horiek 14 urtetik gorakoentzat dira, eta auzo elkarteak azaldu du aurrerago zehaztuko dituztela hortik beherakoentzako proposamenak.
Hona hemen entseguen egutegia:
DANTZARIAK (Ametzagañako Aitor Ikastolan)
- Maiatzak 14, asteartea, 19:00etan.
- Maiatzak 27, astelehena, 20:00etan.
- Ekainak 11, asteartea, 18:00etan.
MUSIKARIAK (Kultur etxean)
- Maiatzak 28, asteartea, 18:00etan.
ABESLARIAK (Kultur etxean)
- Maiatzak 28, asteartea, 19:00etan.
IRRINTZILARIAK (Ametzagañako Aitor Ikastolan)
- Ekainak 13, osteguna, 19:00etan.
SAIO OROKORRA, MUSIKARIAK, ABESLARIAK ETA DANTZARIAK (Ametzagañako Aitor Ikastolan)
- Ekainak 20, osteguna, 19:00etan.