Emakume migranteen errealitateak aztertzeko jardunaldiak egingo dituzte Txantxarrekan
Lagun Artean elkarteak emakumeen migrazio prozesuak aztertzeko jardunaldiak egingo ditu Antiguako Txantxarreka gaztetxean. Egitasmoa bi egunetan banatuko dute, ostiralean eta larunbatean, eta jardunaldi bakoitza Silvia Carrizo Fernandez kazetariak dinamizatuko du.
Ostiralean, Made in L.A. dokumentala proiektatuko dute gaztetxean, 19:00etan. Emmy sari bat irabazi duen film honek Los Angeleseko emakume migrante batzuek lan baldintza duinen alde eginiko borroka kontatzen du, batasunaren garrantzia azpimarratuz. Amaieran, Carrizok pelikula ongi ulertzeko gakoak eskainiko ditu eta ikusleen galderei erantzungo die.
Larunbatean, berriz, “Emakumeak mugimenduan dagoen mundu batean: emakumeak migratzen” izeneko formakuntza eskainiko du Carrizok, 10:00etatik 15:00etara. Parte-hartze irekiko hausnarketa ekimenak emakumeen migrazio prozesuak izango ditu hizpide, pertsonen atzean dauden istorioak azaleratuz. Emakumeak migratzera bultzatzen dituzten arrazoiak eta migrazioan zehar jasaten dituzten errealitateak ezagutaraztea du helburu egitasmoak. Formakuntza doakoa da, baina hor parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da info@lagungt.org helbidera idatziz izena ematea.