"Neure burua non kokatzen dudan ikustear dago oraindik"
Granadako final historikoa irabazi eta taldearen lehen titulua eskuratu ostean, bere etorkizunari buruzko erabaki garrantzitsua hartu beharko du Nahikari Garcia urnietarrak.
Realean gelditzea edo bere hazkunde profesionala Zubietatik urrun jarraitzea erabaki aurretik, aurrelariak tartetxo bat eskaini dio IRUTXULOKO HITZAri, orain arte bizitakoari eta datorrenari buruz hitz egiteko. Hemen aurrerapen txiki bat:
Duela gutxi, mahai-inguru batean, Vero Boqueterenaren moduko ibilbide bat izan eta talde bat baino gehiagotan jokatzea gustatuko litzaizukeela aipatu zenuen. Etorkizunean kanpora irteteko aukerak zabalik daude, hortaz?
Verok egin duena egitea ez da gauza erraza, inondik inora. Klub batetik bestera saltoka ibiltzea eta guztietan ondo aritzea polita bezain zaila da. Hori oso gauza berezia da, eta noski gustatuko litzaidakeela horrelako zerbait bizitzea. Baina oso ausarta izan behar da hori egin ahal izateko. Neure burua non kokatzen dudan ikustear dago oraindik.
Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.