'Zerukotik lurrekora' ziklo berezia antolatu du Argiak
San Telmo Museoaren laguntzarekin lau emanaldi berezi egingo dituzte museoan, hilaren 21etik 28ra bitartean.
Argia 1919-2019: Zerukotik lurrekora ziklo berezia antolatu du Argiak, 100 urteko ibilbidea nabarmentzeko. San Telmo Museoaren laguntzarekin lau emanaldi berezi egingo dituzte museoan, hilaren 21etik 28ra bitartean. Doakoak izango dira lekuak bete arte, eta 19:00etan hasiko dira. Gaur goizean egin dute aurkezpena.
Emanaldian parte hartuko duten hizlariak euskal kazetaritzan eta kulturgintzan ekarpen handia egindakoak dira. Hala nola, Koldo Izagirre, Antton Olariaga, Joseba Larratxe, Joxemari Ostolaza, Malores Etxeberria, Josu Landa eta Elixabete Garmendia. Saio bereziak eskainiko dituzte.
- Maiatzak 21, asteartea. Mendearen umeek munduari desafio hitzaldia, Koldo Izagirre. Gabriel Arestik duela mende erdi eta gehiago argitaratutako artikulu batetik datoz: “Euskal kulturadun hutsak ezin bagintezke, asma dezagun kultura berri bat, munduko kulturaren abangoardian martxa gaitezen. Ahal duguna salba dezagun, eta apur hori eraberritu dezagun. Ateratzen denarekin, munduari desafio diogun. Horrela salbatuko gara”.
- Maiatzak 22, asteazkena. 100 urte, ehunka irudi hitzaldia, Antton Olariaga eta Joseba Larratxe. “Azaleko irudiak, artikuluentzako ilustrazioak, umore zintak, kartelak… Euskal Herriaren iruditeria kolektiboari hainbat ekarpen egin dizkio ARGIA aldizkariak 100 urtean zehar”.
- Maiatzak 24, ostirala. Enpeinatzea ez bada libre errezitaldia, Joxemari Ostolaza, Malores Etxeberria eta Josu Landa. “Ehun urte asko ote diren ez dago oso garbi, batez ere poesia maite eta bizi baduzu. Hamar edo hogei balira ere, utopia iparrorratz, enpeinatu beharra da motorretako bat”.
- Maiatzak 28, asteartea. Euskarazko kazetaritzaren intrahistoria bat hitzaldia, Elixabete Garmendia. “Euskarazko kazetagintzaren “nahi eta ezina” errepasatuko du, lapitz gorriarekin azpimarratuz kinka horretan egoteak ezarri dizkion ezaugarriak.
Horrez gain, San Telmo Museoko erakusketan Zeruko Argiaren lehenbiziko zenbakiak egongo dira ikusgai (Jendartean bizi ataleko Euskal kulturaren pizkundearen gunean), eta baita ere 100 urteko Soka-dantza dokumentala. Biak maiatzaren 31ra bitarte egongo dira ikusgai.