Donostiako alkategai eta hautagaiekin mahai ingurua egingo du Irutxuloko Hitzak
Donostiako hurrengo alkatea eta udaleko zinegotziak aukeratzeko beta izango dute donostiarrek datorren maiatzaren 26an, eta dagoeneko alderdi guztiak murgildurik daude udal hauteskundeetako kanpainan. Hiriko alderdi politiko guztiek Donostiako udal politiken inguruko proposamenak plazaratzen ari dira egunotan, eta IRUTXULOKO HITZAk horien inguruan hausnartzeko helburuarekin, mahai inguru bat antolatu du.
Mahai ingurua asteartean, maiatzaren 21ean izango da, Aquariumeko auditoriumean, eta 19:00etan hasiko da. Parte hartuko dute Aitziber San Roman EAJko hautagaiak, Marisol Garmendia PSE-EEko hautagaiak, Reyes Carrere EH Bilduko alkategaiak, Mikel Lezama PP-ko hautagaiak, eta Aitzole Araneta Elkarrekin Podemoseko alkategaiak.
Mahai inguruan hiriaren inguruko hainbat gairi buruz mintzatzeko eta eztabaidatzeko aukera izango dute alkategai eta hautagaiek, besteak beste, etxebizitzaren arazoen inguruan, auzoei buruz eta hiritarrek udal politikagintzan duten parte-hartzeari buruz, alderdi bakoitzak hiriaren merkataritzaren ereduaren inguruko ikuspegiari buruz, Donostian indarkeria matxisten inguruan egiten den lanketari buruz, eta abar.
Udal hauteskundeen jarraipen berezia
IRUTXULOKO HITZAk herritar guztiak gonbidatzen ditu mahai inguruan parte hartzera. Era berean, tokiko hedabidea udal hauteskundeei buruzko informazio guztia biltzen ari da, eta horretarako atal berezi bat sortu du Irutxulo.hitza.eus atarian. Donostiako Udalerako alkategaiak elkarrizketatzen ari da maiatzaren 26a iritsi bitarte, eta elkarrizketak atal berezian aurki daitezke.