LGTBIfobiarik gabeko bizitzak aldarrikatu dituzte
LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna izan zen atzo, maiatzaren 17a, 1990ean Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela gogorarazteko. Hori dela eta, EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak elkarretaratzera deitu zuen atzo arratsaldean Bulebarrean. LGTBIfobiarik gabe bizi nahi dugu lelopean protesta egin zuten, lesbofobiarik, homofobiarik eta transfobiarik gabeko gizarte bat aldarrikatzeko. Mobilizazioaren aurretik, informazio mahai bat jarri dute Bulebarrean bertan.
Kalera ateratzeko arrazoi ugari daudela gogorarazi zuten EHGAMekoek: “Homo-les-trans-fobia salatzeko elkarretaratzea antolatu dugu; oraindik 7 herrialde baitaude (Mauritania, Sudan, Nigeria, Somalia, Iran, Arabia Saudi eta Yemen), homosexualitatea heriotzarekin zigortzen dutenak, eta 70 herrialde dira, bere kode penalean homosexualitatea zigortua dutenak”, adierazi dute EHGAM-ekoek. Era berean, LGTBIfobiak eragindako hilketak ohikoak dira gaur egun hainbat herrialdetan, hala nola, Mauritanian, Arabiar Emirerri Batuetan, Qatarren, Pakistanen eta Afganistanen. Gurera ere ekarri nahi izan zituzten aldarrikapenak, eta salatu zuten aurten Nafarroako SKOLAE hezkuntza proiektuak eta Ondarroan hildako Ekai gazte transexualaren oroitarriak jasandako erasoak.
Latorrizko Gehitu Saria, VOXentzat
Gehitu Euskal Herriko lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen elkarteak bat egin zuen Bulebarreko mobilizazioarekin. Elkarteak LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko egunaren harira zabaldutako komunikatuan LGTBI kolektiboa erdigunean jartzen duten diskurtso atzerakoiak jarri dituzte jomugan, eta hainbat neurri zehatz proposatu dituzte “LGTBI+ kolektiboaren bizi-baldintzak eta eskubideak hobetzeko”.
Bestalde, Gehituk urtero ematen dio Latorrizko Gehitu saria LGTBI+ pertsonen eskubideak, ekintzen zein adierazpen publikoen bidez, urratu dituen pertsona, erakunde edo kolektiboari. Aurten VOX alderdi politikoa izan da saritua, “hitza ematen zaion bakoitzean zabaltzen dituen adierazpen publikoengatik”. “Izan ere, gizarte-jarrera zaharkitu eta atzerakoiak hedatzen ditu eta, horien bidez, diskriminazioa izateko arriskuan dagoen kolektibo orok ahalegin handiz lortu dituen berdintasun-eskubideak deuseztatu nahi ditu. Gainera, haren diskurtso supremazistak LGTBI+ kolektiboa ez ezik emakumeak, migratzaileak, baliabide ekonomikorik gabeko pertsonak, espainolak ez diren kultura, hizkuntza edo jatorrietako pertsonak, dibertsitate kognitibo, fisiko, psikiko edo sentsoriala duten pertsonak eta, hitz batean, haren eredu bakarretik urruntzen diren gizarte-dibertsitate guztiak ere banantzen ditu”, adierazi dute elkartekoek. Gainera, herritarrei eskatu diete horrelako “politika antisozialak” arbuia ditzatela, eta erakundeen barruan gauzatzea sahiestu dezatela, haiei botoa ukatuz.