Auzoetako kanpaina indartuko du Reyes Carrerek
EH Bilduk bilera egin du udal hauteskundeetako kanpainaren azken txanpa prestatzeko. Reyes Carrere alkategaia Markel Ormazabal, Olaia Duarte eta Ricardo Burutaran zerrendakideekin elkartu da. Auzoz auzo egiten ari diren kainpaina indartzea erabaki dute, “oraindik botoa erabaki gabe duten herritarrek Carrere aukeratu dezaten”.
Kanpainan EH Bilduren kaleko presentzia handia izaten ari dela azpimarratu dute. “Auzoz auzo programa propioak diseinatu dira, auzotarren bizi kalitatea hobetzeko pentsatutako neurriak jasotzen dituztenak”, adierazi du Carrerek. Nolanahi ere, azken asteari dagokionez, esfortzuak biderkatzea erabaki dute. “Azken egunetako boto asko erabakitzen dira eta zinegotziak zein batzarkideak irabazteko aukera oso boto gutxiren artean egon daiteke”.
Donostiako kaleetan EH Bilduren aurpegi ezagunen presentzia areagotuko dela esan dute. Hala nola, auzoetara joango dira Maddalen Iriarte, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia, eta Larraitz Ugarte eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak, besteak beste. “Hurrengo bost eunetan kaleetan erakutsiko duguna ondorengoa da: Donostiako lehen emakume alkatea izatea amesteko eskubidea dugu, eta jakin badakigu ametsak egia bihurtzeko bide bakarra dagoela: lana, konpromisoa eta ilusioa”.
Berdintasun politikak
Indarkeria matxistari aurre egiteko konpromisoa agertu du EH Bilduk. Asteburuan ekitaldia egin zuten kaiaren sarreran. “Indarkeria matxista arazo sozial estrukturala da, eta beraz, honi aurre egiteko aldaketa estrukturala izan behar da”, azpimarratu zuen Carrerek. Horiek horrela, udaleko berdintasun politikak zeharkako ikuspegi feminista batetik garatzea proposatu du EH Bilduk, “prebentzioa erdigunean jarrita”.
Neurriei dagokionez, hauek dira azpimarratu dituztenak: Emakumeen Etxea indartu, programa feministak indartu, jai parekide eta euskaldunak sustatu, indarkeria matxistari aurre egiteko plana diseinatu hiriko mugimendu feministarekin batera, puntu kritikoak ezabatzeko politika berreskuratu, eta indarkeria matxista prebenitzeko programa sortu.