Metroaren proiektuak kalteturiko herritarren egoera hobetzeko borondatea agertu dute
Donostiako bost alderdi nagusiek aferaren inguruko iritzia eman diote IRUTXULOKO HITZAri. Era berean, metroaren proiektuak hirian izango duen eragina plazaratu dute.
Herritarrak erdigunean jarri dituzte maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan parte hartuko duten bost alderdi nagusiek. Metroaren proiektuak kalteturiko herritar horiek ere erdigunean daude. Biharko astekarian kaltetuen testigantzak irakurri ahal izango dira.
Kaltetuen inguruko iritzia eman dute bost alderdi nagusien alkategaiek, eta borondatea erakutsi dute bizi duten egoera hobetzeko. Bi galderei erantzun diete:
1. Gero eta gehiago dira metroaren proiektuak kalteturiko herritarrak. Egoera zaila jasaten ari direla diote eta erakundeek kasurik egiten ez dietela. Zer esango zenieke?
2. Metroaren proiektuak zer nolako eragina izango du hirian?
1. Gaia axola zaigu, eta pertsonalki inplikatu gara. Hain zuzen ere, ETSri eskatu nion lanak gauez ez egiteko, eta eskaria kontuan hartu zuten. Gauez lanak gelditzea erabaki zuten Benta Berrin eta Amaran. Era berean, Easoko geltokian bulegoa dago hiritarrei arreta zuzena egiteko, eta egiten dituzten eskari zein kexuei erantzuteko.
2. Zalantzarik gabe hiriko mugikortasuna eraldatuko du. Izan ere, garraio publiko soziala, jasangarria eta iraunkorra sustatuko du, eta hiriko ekialdea eta mendebaldearen arteko lotura zuzena hobetuko du. Baina topoak lurraldean ere eragina izango du. Izan ere, Irundik eta Zumaiatik etorri daitezkeenei zerbitzua emango die, eta hiriaren erdigunera sartzeko aukera emango die autoa erabili gabe. Beraz, ibilgailuen presentzia kalean gutxituko du eta horrek oinezkoentzat guneak berreskuratzeko aukera emango du. Hori guztia eta Dbusek eskaintzen duen zerbitzu ezin hobeari esker Donostiak puntako garraio publiko sistema izango du.
Ernesto Gasco, PSE-EEren alkategaia
1. Eskumena udalarena ez bada ere, udaletik lanek sortzen dituzten kalteen jarraipena egiten ari gara. Obra guztiek sortzen dituzte oztopoak. Bai metroarenak, eta bai Aieteko anbulatorioarenak, beste adibide bat jartzearren. Udaletxean jaso dugun kexa bakoitza enpresa arduradunari helarazi zaio, neurriren bat hartu dezan.
2. Onerako, noski. Ez dut ulertzeko garraio publikoa hobetzeko proiektu honek polemika sortu izana. Beste hiri batzuetan, Bilbo kasu, 4. linea jartzera doaz eta hemen ezinezkoa dirudielako halako proiektu bat egitea. Duen abantaila nagusia da trenbidea bikoizten dela, maiztasunak hobetuz eta trenaren garraioa seguruagoa eginez. Konexio hobeak izango ditu Gipuzkoako biztanleentzat, eta gainera, kutsatzen ez duen garraio bat da. Topoa ez da Eason hartu eta Kontxan jaisteko, batzuek esaten duten bezala. Zerbitzu metropolitanoa da eta herritar askoren mugikortasun beharrei erantzuten die. Ez da inolaren ere proiektu faraonikoa.
Reyes Carrere, EH Bilduren alkategaia
1. Donostiak badu zaraten inguruko araudia eta hori betearazi behar da. Ezin da ezikusiarena egin, orain arte erakundeek egin duten moduan. Metroaren proiektuaren obra ez dago, inolaz ere, herritarrek atsedena hartzeko duten eskubideen gainetik.
2. Igarobidea ez da beharrezkoa, ez dielako erantzuten hiriak benetan dituen mugikortasun beharrei: Renfe eta Euskotren lineak batzea geltoki intermodal batean Loiolako Erriberan, Altza-Errenteria zatia egitea, auzoen arteko komunikazioa eta ekialdeko auzo aldapatsuetan barne likeak, Zuatzu eta Igarako poligonoak aparte uzten ditu, … Gainera, Dbus linea batzuk desagertuko dira. Hau da, igarobideak ongi dagoena aldatuko du. Ez ditu konponduko mugikortasun arazoak, eta abantaila bakarra izango da Easotik Kontxara oinez egin beharreko 10 minutuak aurreztea.
Aitzole Araneta, Elkarrekin Podemoseko alkategaia
1. Erakundeek ez dituzte kalteturiko herritarrak behar bezala artatu. Eusko Jaurlaritzaren eskumena den arren, konpromisoa hartzen dugu lanek iraun bitartean kaltetuen interesen alde egingo dugula. Batetik, bizilagunen atsedena bermatzea eskatuko dugu, gaueko lanak geldituta. Bestetik, eraikinen egoera kontrolatuko dugu pitzadurak sortzen diren ikusteko. Sortzen badira udalak ordainduko lituzke konponketak.
2. Topoa oso erabilgarria donostiar eta gipuzkoar askorentzat, eta hobekuntza asko daude oraindik egiteko. Horien artetik Kontxako igarobidea ez da lehentasuna. Ordea, metroaren proiektua bultzatu izana da EAJ eta PSE-EEren hiri ereduaren isla. Inbertsio guztiak hiriaren erdialdean egiten dituzte, gainerako eremuak ahaztuta. Gure ustez, igarobidea turistei begirako proiektua da, eta ez donostiarrentzako. Herritarrek hartu beharreko erabakia zen metroaren proiektuari baiezkoa edo ezezkoa ematea.
1. Metroaren proiektua konplexua da, eta eragin zuzena du hirian. Lehenik, kaltetuei esango nieke txosten tekniko guztien arabera, lanek ez dutela arriskurik eraikinentzat. Hori bai, argi daukat gaueko lanak gelditu behar direla. Kasu honetan, udalak kaltetuen eskaerak entzun eta eskura dituen neurriak hartu behar ditu. Lanak bukatzerakoan denok geure buruari galdetuko diogu nolatan behar izan dugun horrenbeste denbora horrelako proiektu bat aurrera eramateko.
2. Abantaila asko ekarriko dizkio hiriari. Lehenik, garraio publiko jasangarri eta segurua izango da, ez duena lekurik hartzen eta maiztasun hobearekin. Danborrada, inauteriak edo beste ekitaldi bat ospatzen ari bagara ez du hiria kolapsatuko. Bigarrenik, erdialdeko trafikoa gutxituko du jasanagarriagoa eginez, eta oinezkoentzako aproposagoa izango da. Hirugarrenik, espazio publiko asko askatuko du Easoko trenbidea lurrazpian sartzerakoan, eta oinezkoentzak gune berri bat sortuko da. Eta laugarren eta azkenik, garraio garrantzitsuena izango da Hendaiatik Zumaiara bitarte, eta Tolosatik Donostiara. Hirira iristeko aproposa izango da, merkataritza dinamikoagoa eginez eta hiria pertsonengana hurbilduz.