Dantzatzen bukatu du kanpaina Ernesto Gascok
Gaur bukatu du hauteskunde kanpaina Ernesto Gasco PSE-EEren Donostiako alkategaiak, Alderdi Ederren egin duen agerraldi batekin. Denis Itxaso Gipuzkoako Diputatu Nagusi izateko PSE-EEren hautagaiarekin batera bukatu du kanpaina Gascok, eta Jesus Egiguren ere han izan da.
“Gipuzkoako benetako ezkerra” direla aldarrikatu dute Gascok eta Itxasok, eta aurrera egiteko “berme” bakarra direla. Biek ala biek EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aurkako diskurtsoa egin dute agerraldian, Gipuzkoarekin eta Donostiarekin konprometitzen ez direla esanez.
Igandeko hauteskundeetan, bai Gipuzkoan eta baita Donostian ere, PSE-EEk irabaztearen garrantzia nabarmendu du Gascok. Izan ere, haren esanetan, hiru aukera daude hauteskunde hauetan: “Izagirrerena, ez zuela ezer egin; Goiarena, ez dela bustitzen, eta gurea [PSE-EErena], aurrera egiteko bermea garela”. Goiak alderdi guztiekin akordioetara iristeko ateak irekitzea kritikatu du Gascok, eta IRUTXULOKO HITZAri eskainitako elkarrizketan “betorik” jartzen ez zuela esan bazuen ere, EH Bildurekin ez dutela gobernu akordiorik egingo azpimarratu du: “Gu ez gara gobernu batean egongo EH Bildurekin”.
Gipuzkoako Foru Aldundiaz eta Donostiaz gain, herrietan ere PSE-EEk irabaztea garrantzitsua dela deritzo Gascok, eta alderdi “indartsu bat” behar dutela esan du, haren esanetan, “gizarte hobe baten bermea” direlako. Agerraldiaren amaieran, dantzan hasi dira bai Gasco eta baita Itxaso ere, kanapaina erritmoarekin bukatuz.