"Koalizio gobernu bat egotea da logikoena"
Donostiako alkatetzarako PSE-EEren alkategaia da Ernesto Gasco (Amara, 1963). 1995. urtetik da Donostiako Udaleko zinegotzi, eta 2008tik 2009ra Espainiako Kongresuko diputatu ere izan zen. 2015etik Donostiako alkateordea da, EAJrekin batera osatzen duen udal gobernuan.
Nola hasi zinen politikagintzan?
Ikasketak bukatu nituenean Amsterdamera egin nuen bidaia baten ondoren hasi nintzen politikan. Herbehereetan aniztasunean, askatasunean eta demokrazian bizi zirela ikusi nuenean, nire herrialderako eta nire hirirako hori nahi nuela erabaki nuen. Beraz, bizitzeko eredu hori defendatu dezakeen bakarrarekin konprometitu nintzen: sozialdemokraziarekin. Euskadiren kasuan, gainera, askatasunarekin eta biktimekin konpromiso bat hartzea zen, hilketa politikorik gabeko herrialde baten defentsan.
Nola baloratzen duzu azken legealdia, non, alkateorde izan zaren?
Azken lau urteetan aurreko hauteskundeetan genituen helburu batzuk bete ditugula uste dut. Helburu horietako bat lanpostuak sortzearen aldeko defentsa eta ekonomiaren berreskuratzea zen, eta gauzak egiteko gelditzen badira ere, %12,5eko langabezia tasa izatetik %8a izatera pasa gara. Enplegu datu hoberenak dituen euskal hiriburua gara, baina epe luzeko langabetuei eta 45 urte baino gehiagoko langabetuei dagokienez gehiago egin behar da, eta baita gazteek kalitatezko lanpostuak izatearen alde. Bestalde, konfiantza, egonkortasuna eta aurrerapena eman diogu hiriari, gobernu indartsu, plural eta anitz batekin.
Zeintzuk dira Donostiak dituen erronkak gainditzeko proposatzen dituzuen neurriak?
Erakunde publiko eta pribatuen arteko akordioen eta adostasunaren bidetik jarraitu behar dugu. Bestalde, Ekialdeko Barrutirako enplegu plan berezi bar sortuko dugu. Intxaurrondok, Bidebietak, Altzak eta Herrerak osatzen dute barruti hori, baina nik Egia ere sartuko nuke. Donostiako auzo batzuetako eta besteetako enplegagarritasun datuak ez dira berdinak, eta zonalde horretan oraindik %10eko langabezia tasatik gora gaude. Horregatik, ekialdeko zonalde horretarako plan berezi bat egin behar da, emakumeentzako eta epe luzeko langabetuentzako neurri zehatzak ezarriz. Industria ere sustatuko dugu, Eskusaitzetako zonaldean, bereziki. Donostiak egitura ekonomiko fidagarria eta dibertsifikatua izatea da helburua, adibidez turismoa erortzen bada, hiriak gehiegi sufritu ez dezan.
Etxebizitzari dagokionez, Infernuan, Onkologikoan, Mundaiz bidean eta utziak izan diren zonaldeetan jardun behar dugu, eraikitako hirian apustua eginez. Bestalde, gazteentzako, familientzako eta zaharrentzako etxebizitza politika egin behar dugu. Auzo berriak ere sortu behar ditugu, auzo jasangarriak. Oso garrantzitsua da, baita ere, Loiolako kuartelak lekualdatzeko akordio batera iristea Espainiako Defentsa Ministerioarekin, han 2.000 etxebizitza inguru eraiki daitezkeela uste baitugu, horietako %40a Babes Ofizialekoak izango direlarik. Krisi garaian ezinezkoa zen auzoetan inbertsioak egitea, baina legealdi honetan gure inbertsio nagusia Altzako kiroldegikoa izan da. Legealdi berriari begira, auzoetarako 220 neurri ditugu, batzuk handiak eta beste batzuk sinpleagoak.
Ahalegin berezia egiten ari zarete hiriko zeinbat gune oinezkoentzat bihurtzeko: Kontxa, Iztueta…
Kontxa pasealekua oinezkoentzat bihurtzea proposatzen dugu, trafikoa lur azpitik sartuz, eta donostiarrei dirurik kostatu gabe. Izan ere, tasa turistiko bat ezartzearen aldekoak gara, bi, hiru eta lau euro artekoa izan daitekeena pertsona eta gau bakoitzeko. Horrek urteko lau eta bost milioi euro arteko diru sarrerak utziko lituzke hirian, hiri proiektuak egin ahal izateko, donostiarrok ordaindu behar izan gabe.
Eredu hau gure aitona-amonek asmatu zuten. Hiria hazi zenean, hainbat kasinori baimenak eman zizkieten, eta kasino horiek udal tasa bat ordaindu behar zuten. Diru horrekin Kontxa pasealekua egin zuten, Alderdi Eder egin zuten, zezen plazak egin zituzten, Maria Kristina hotela egin zuten, eta abar. Hau da, kanpotik zetorren jendeari esker hiriak onurak zituen. Guk eredu horretara itzultzea proposatzen dugu. Turismoa erregulatzen jarraitu behar dugu, kalitateagatik apustua eginez, baina hortik datozen diru sarrerek hiritarrentzako onurak ekarri behar dituzte.
Turismoak eragina du etxebizitzaren arazoan, zer proposatzen duzue hori konpontzeko?
Pisu turistikoak eta hotelak kontrolatu eta erregulatzeko oso erabaki garrantzitsuak hartu ditugu azken lau urteetan. Jakin behar dugu gauza bat dela egin nahi duguna, eta beste gauza bat legalki egin dezakeguna. Guk pisu turistikoak erregulatzeko ordenantza bat egin dugu, Parte Zaharrean horrelako jarduera berriak debekatuz. Erdialdean eta Grosen ere asko mugatu dugu horrelako espazioen sorrera. Horrela, 2016an eta 2017an erabilera turistikorako 2.000 establezimendu egotetik, ordenantzaren ondoren 1.100 egotera pasa gara. Gainera, legalak dira, eta etxebizitza batek baino zerga altuagoak ordaindu behar ditu.
Hartu dugun beste neurri garrantzitsu bat honakoa izan da: orain arte, familia batek edo inbertsio fondo batek hiriko eraikin bat erosten bazuen, eta hotel batean bihurtzeko baimena eskatzen bazuen, udala baimena ematera behartuta zegoen. Orain, ordea, hori aldatu dugu, eta hirugarren sektoreko eraikin bat (bulego eraikin bat, esaterako) ez bada, eraikina hotel bihurtzeko udalbatzaren akordio bat behar da. Martxoan onartu genuen hori, eta dagoeneko bi baimen ezeztatu ditugu. Hau da, etxebizitza eraikinak hotel bihurtzea mugatzen ari da Donostiako Udala. Udalak ez du hotel bakar bat ere egin, eta egin dituzten guztiei kobratu egin die. Lursail publikoak erabilita hotelen eraikuntza ahalbidetu zuen udal gobernu bakarra Izagirrerena izan zen, Lasala Plaza eta Tabakalera egin baitzituen.
Zer nolako Donostia nahi duzu?
Bakoitzak bere ametsak aurrera eraman ahal izateko Donostia bat nahi dut. Horrek esan nahi du hirian elkarbizitza, desberdinen arteko errespetua, ezagutza eta kultura egon behar direla, eta guztiok soldata eta etxebizitza duinak izan behar ditugula. Horretarako, hazten jarraitu behar dugu, talentua errekuperatu behar dugu eta jende desberdinarekin elkarbizitzeko beldurra galdu behar dugu.
Donostiako alkate izan daiteke euskara jakin gabe?
Azkuna [Iñaki] eta Cuerda [Jose Angel] bi alkate handi izan direla uste dut, eta ez zekiten euskaraz. Ezin gaitu zatitu euskaraz hitz egiteak. Euskara dakitenek inbidia ona ematen didate, eta ikasteko aukera izan ez dugunok edo duen konplexutasunagatik ez dakigunok errespetu guztia merezi dugula uste dut. Jendeak soilik euskaraz jakitearen arabera bozkatuko balu, alkate izango nintzateke gaur egun. Hau da, euskaraz ez dakien donostiarren %40ak botoa emango balidake, irabaziko nuke. Eskatzen dudana da botoa emateko aurkezten ditugun hiri proiektuen eta euskararen alde bultzatzen ditugun politiken arabera.
Ez baduzu alkate izatea lortzen, EAJrekin akordioa berregingo zenuke?
Hauteskunde lasai batzuk izango dira hauek, eta hori ezezaguna eta positiboa da Donostian, eta hiri proiektu hoberenei botoa emateko aukera izango dute donostiarrek. Gure proiektua ikusgarria dela uste dut, eta irabazteko aukerak ditugula, Donostia hiri aurrerakoi, ezkertiar eta sozialki aurreratua delako. Baina Donostian koalizio gobernu bat egotea da logikoena. Beti defendatu dut hori, eta logikoena da hiria plurala delako. Gobernu zabalak eskuzabaltasunetik abiatzen dira, eta lehenengo eta bigarren indarrek osatutako gobernu bat eduki izana salbuespen bat da, Bilbo, Gasteiz, Madril edo Berlin bezalako hiriek ez baitute horrelakorik. Hori hemen gertatu da Donostiarekiko dugun maitasunagatik. Gobernu kohesionatu bat izan da, desberdintasun batzuekin, baina lasaia, egonkortasuna eman dio hiriari, eta beste lau urte behar ditugu.
Beste alderdiekin akordioak egiteko prest zaude?
Proposamenen eta programen arabera bozkatu behar dela uste dut. Beraz, programek bat egiten duten heinean, uste dut Donostian, Gipuzkoan eta Euskadin gobernatzen ari diren alderdiek osatutako gobernu bat dela hiriak gehien behar duena. Hori da nire lehentasuna, baina ez diot inori betoa jartzen.