Sustraitu, loratzea plastikozkoa izan ez dadin
Euskal zinema loraldi betean dagoela diote jaialdi eta sariek. Baina alfonbra gorriko fokuak itzaltzean, galdera deseroso bat geratzen da airean: zer da, funtsean, euskal zinema? Hizkuntza, geografia ala esentzia? Diru laguntzen hazkundearen eta streaming plataformen aparraren azpian, errealitate gordinago bat ezkutatzen da, ordea: aretoetako horma linguistikoa, lan baldintzen prekaritatea eta kanpoko ekoiztetxeekiko norgehiagoka.
Ikusi izan ditugu gure bazterrik politenak pantailarik handienetan. Donostia bat, argiztatua; edozeinek etorri nahiko luke. Ilusioa egiten digu gure txoko horiek, hiria, zinema aretoetan ikusten ditugunean, produkzio handi baten eszenatoki nagusi direnean. Pentsatzen dugu are politagoa dela; pentsatuko dugu zortedunak garela hori hemen, gertu daukagulako. Inbidia emango diegula.
Udaberria amaitzen ari den honetan, euskal zinema loraldi betean dagoela diote. Ikusi ditugu euskal aktoreak Goya sariak jasotzen, Ferozak, Forqueak. Telesail eta film berriak estreinatu dira euskaraz, euskal tradizioari buruzkoak, Euskal Herrian ekoitzi eta grabatutakoak. Baina hain da lausoa oraindik kameraren karretea, ez daukagula oso argi, oraindik ere, euskal zinemaz ari garenean, zertaz ari garen.
Galdera horrekin estutu ditu kazetariak Euskal Herriko ikus-entzunezko panoramako zenbait profesional donostiar, lerro hauek idazteko. Definizio zehatz, objektibo baten esperoan, zenbait iritzi desberdinekin topatu da. Batzuek argi dute, ez pentsa; beste batzuek zalantza dute, benetan, definizio argi bat egoteaz haratago, horrelakorik behar ote dugunik ere.
Definizioaren labirintoa
Baina zer da, funtsean, euskal zinema? Izan liteke zerbait geografikoa, linguistikoa, tradiziozkoa. Zerbait emozionala, norberak botatzen dituen sustraiak, pantaila zeharkatzen dutenak. Gure lurralde argiztatu horiek, gure hizkuntzak mugak eta pantailarik handienak zeharkatzen dituen une hori ere izan daiteke, akaso, euskal zinema.
Alex Aginagalde donostiarrak, Pantailak Euskaraz plataformako bozeramaileak, liburuz beteriko apalategi batean bilatu du analogia: «Literaturan, adibidez, ez dago zalantzarik: Euskal Literatura da euskaraz idazten dena. Gainontzekoa izan daiteke Euskal Herrian egindako literatura, oro har, edo Euskal Herriko literatura gaztelarra, edo frantsesa». Hala, irmoa da plataformaren iritzia: «Literatura nongoa den hizkuntzak definitzen duen moduan, zinema nongoa den ere hizkuntzak definitzen du».
Bozeramaileak gaineratu duenez, 2025 izan da euskarazko film gehien zineman estreinatu diren urtea, historian: «Badago halako loraldi bat eta badago apustu bat euskal zinemagileen aldetik, euskaraz ekoizteko». Hala, «traba guztien gainetik», frogatu da, zinema euskaraz egiten ere iritsi gaitezkeela nazioarteko jaialdietan lehiatzera, sariak jasotzera: «Nazioarteko beste edozein herrialdek duen maila duela erakutsi du euskal zinemak».
Aginagalderentzat, mapak eta pasaporteak ez dira nahikoa film bati «euskal» izenondoa jartzeko. Horregatik begiratzen die mesfidati jaialdi handietako titular handiei: «Donostiako Zinemaldian 44 euskal film egongo direla aipatzen denean, zenbaki horiek tranpa izugarria daukate. Hor sartzen dira, esaterako, Santiago Segurak Bilbon grabatzen dituen pelikulak, Madrilgo ekoiztetxe eta aktoreekin. Diru laguntzengatik datoz hona grabatzera. Baina horrek ez du esan nahi, inondik inora, euskal zinema denik; Euskal Herrian ekoitzitako edo grabatutako film bat da».
Ertz emozionalak
Kameraren beste aldean, bestelakoa liteke, bada, iritzia; Donostian bizi den Sara Cozar aktoreak ñabardura gizatiarrago baten alde egin du, bizitzaren beraren konplexutasuna islatu nahian. «Uste dut gauzak ezin direla definitu; pertsona eta ikuspuntuaren arabera, oso ezberdina izan daiteke azalpena», dio. Berak ere euskarari ematen dio lehentasuna, baina atea irekita uzten dio alde emozional bati: «Badaude film eta telesail batzuk, nahiz eta euskaraz ez izan, oso euskaldunak sentitzen ditudanak». Izan ere, haren ustez, hizkuntzak ez du mugatzen euskal zinema izatea edo ez, baina euskaraz izateak «argi eta garbi erakusten du euskal zinema dela».
20.000 especies de abejas (Esti Urresola, 2023) jarri du gaztelaniazko euskal zinemaren adibide gisa, eta argudio zerrenda luzea eskaini du: «Ez da osorik euskaraz, baina pertsonaia batzuek euskaraz egiten dute. Bertako familia baten bizitza islatzen du, pertsonaiek izen euskaldunak dituzte, gure txokoak erakusten ditu, lantaldea eta aktore gehienak euskaldunak dira…».
Burokraziaren mugak
Ander Lacalle aktore donostiarrak gidoiaren barne musikan jarri du fokua, besteak beste. Askorentzat hizkuntza kontu bat izan daitekeen moduan, beste batzuentzat «esentzian» egon liteke etiketa, bere ustez. «Euskal Herria elebiduna dela errealitate bat da, eta egon daitezke gaztelaniaz kontatutako egoera euskaldunak», dio, eta gaineratu du, hizkuntzaren hautaketa, batzuetan, ez dagoela arrazionalki neurtua: berari, sortzaile gisa ere, gorputzak euskaraz idazteko eskatzen dio batzuetan, eta gaztelaniaz, beste batzuetan.
Ez dio arteari mugarik jarri nahi izan, baina burokraziak errealitatera itzuli du aktorea: «Gidoiaren %70ak euskaraz izan behar du, uste dut, diru laguntza jaso ahal izateko. Baina, zein da muga? Gidoiaren %65a euskaraz baldin bada, orduan, ez da euskal zinema?». Zentzu horretan, Lacallek argi du eztabaidak luze joko duela: «Ez da egongo adostasun bat inoiz, arteaz ari garelako eta artea inoiz ez delako objektiboa». Horrek, ordea, arrisku praktikoak dakartza: «Ezin dugu dena marko batean sartu, irrazionalki. Baina, agian, behar dugu hori egin, ari garelako euskal zinema gisa saritzen, euskal zinema ez dena».
Akademia baten erronka
Alde ofizial eta instituzionaletik, Alberto Gastesi zinema zuzendari donostiarrak ikuspuntu praktikoago batetik heldu dio bere kontakizunari: «Ofizialki, euskal zinema da euskal ekoiztetxe baten jabetza duena. Euskaraz egindako zinema, agian, beste kategoria bat da». Kazetariaren galderaren aurrean, labirinto batean egongo balitz bezala sentitu da zuzendaria; ofiziala den horretatik aurrera, galduta egongo balitz bezala. Halaxe gaineratu du, «oso zaila» baita, definizioarekin adostasun batera iristea. Hala ere, argi izpiak ere ikusten ditu: «Puntu interesgarri batean gaude. Euskal marka Espainian eta Espainiatik kanpo aitortzen ari dira, eta munduan proiektatzen ari gara». Haren ustez, euskal marka mundu guztian ikusarazteko «momentu oso aproposa da».
Adostasun hori, hala ere, beharrezkoa izango da, aurrerantzean. Izan ere, abian den Euskal Zinemaren Akademia sortzeko prozesuak ezinbestean behartuko du industria definizio hori sortzera. Jakin beharko delako zer saritu euskal zinema gisa, jaialdietako titularrek tranparik izan ez dezaten. Eta etorkizunera begira, Kataluniako puntukako sistema ikusten du zuzendariak ispilu gisa: «Katalunian, puntuak gehitzen dituzte zinema katalana zenbateraino den zenbatzeko. Ekoiztetxea hangoa bada, demagun, hamarretik sei puntu lortzen ditu; zuzendaria edo gidoilaria katalanak badira ez dakit zenbat; eta puntu kopuru batekin, zinema katalana deitu diezaiokete. Horrelako zerbait egiten amaituko dugula uste dut».
Loraldi hipotekatu bat
Gastesik 2014ra egin du atzera; izan ere, bere ustez, orduan hasi zen loraldia; Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2014) Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean hautatu izanak olatuaren gorenera eraman omen zuen euskal zinema, eta «inflexio puntutzat» du zuzendariak saritze hura. Zentzu horretan, Cozarrek ere gogoratu du testuingurua: «Egon ziren urte batzuk nahiko txarrak, bai zinemari dagokionez baita telesailei dagokienez ere, oso gauza gutxi egin ziren. Eta azken urteetan, plataformak eta zerga pizgarriak direla eta, grabaketa asko egiten ari dira».
Ekoizpen publikorako laguntzak ere asko hazi dira: Aginagaldek gogoratu du nola duela bost urte inguru Euskal Autonomia Erkidegoa zen, hizkuntza koofiziala duten Espainiako Estatuko komunitateen artean, bere hizkuntzazko zinemara diru gutxien bideratzen zuena. Egoera hori IBAIA eta EPE ekoizle elkarteek salatu ostean, laguntzak laukoiztu egin dira azken urteetan, 2,5 milioi eurotik 10 milioi euro ingurura pasatuz. Eta horrekin batera, kuotak etorri dira: diru horren erdia gutxienez euskarazko sorkuntzara doa, eta telesailen atalean hiru milioi euroko lerro espezifiko bat sortu zen, 2024an. Halere, Aginagaldek faltan botatzen du anbizio handiago bat: «Katalanek 30 milioi euro bideratzen dituzte urtean, eta guk 10 milioi».
Loraldi honen sustraiak, ordea, ez daude sormen hutsean; bulego ilunagoetan eta zerga paperen artean elikatzen dira; zerga pizgarrien sisteman. Zinema finantzatzeko tresna bat dira horiek: Euskadin grabatutako filmetan inbertitzearen truke, ogasunari zerga gutxiago ordaintzeko aukera ematen duten deskontuak. Lacallek dioenez, zerga pizgarriek on asko egiten diote zinemagintzari, baina pizgarri horiek «nola enfokatzen diren, agian, berrikusi beharko litzateke».
Irati Santiago Hemen Euskadiko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkarteko ekoizle donostiarrak, oso gertutik eta «deseroso» bizi du sistema horren bilakaera eta lurraldeen arteko konpetentzia itsua. Hasiera batean, «intentzioa oso ona» zen arren, arazoa Gipuzkoako eta Bizkaiko foru araudien arteko desberdintasunean datza. Gipuzkoan, zerga murrizketaren kuota urtero %35era mugatuta dauka Ogasunak (guztira %70eko bonua izan arren, bi urtetan banatu behar da), eta Bizkaiak urte bakarrean aplikatzeko erraztasuna ematen die enpresei. «Gipuzkoan mikropymeek ez dakite hurrengo urtean zenbateko dirua edukiko duten. Zertarako beharko dute bonua bi urterako? Bizkaiak urte horretarako ematen die deskontua, eta Gipuzkoak ez. Horixe izan da akatsa» Bere ustez, konponbidea argia litzateke: «Kuota jaisteak erraztuko luke euskal zinema edo euskal fikzio gehiago egitea hemen, hemengo lantaldeekin».
Hala, ekoizleak gogor salatu du kanpoko ekoiztetxe askok Euskadin ikusi duten «paradisu fiskala»: «Ekoiztetxe pila bat hona etortzen dira egoeraz aprobetxatzera eta gero euskal zinema deitzen diote. Hori ez da euskalduna izatea. Aktoreek, teknikariek, gidoilariek euskaldunak izan behar dute, gure kultura sustatzeko».
Horren aurrean, datu instituzionalek kolpe gogor bat eman dute mahai gainean; Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak azaldutakoaren arabera, 2024an zinema ekoizpenetara bideratutako 83 milioi euroetatik, 70 milioi erdarazko filmetara joan ziren. Hau da, zeharka bada ere, diru publikotik zinemara doan finantzaketaren %84a euskara ez den beste hizkuntza batzuetako ekoizpenetara bideratzen da.
Glamourraren ostean, prekaritatea
Fokuak itzaltzen direnean, ordea, prekaritatea da nagusi. Cozarrek argi utzi nahi izan du glamourrak ez dituela hilabeteko fakturak ordaintzen: «Aktoreontzat garrantzitsua da lan egitea, edozein langilearentzat bezala. Eta nire kasuan, hilabetero soldata bat ateratzea. Askotan, ez naiz jartzen pentsatzen egiten ari naizena euskaraz ala gaztelaniaz den».
Aktoreak onartu du telesail berriei eta ekoizpenen ugaritasunari esker lana banatu egin dela eta aktore askorengana iristen ari dela, baina lan horien sakontasuna «hutsala» dela dio: «Oso produkzio motzak dira, oso denbora gutxian grabatutakoak eta, ez dira bizirauteko sostengu bat». Lacallek bat egin du kezka horrekin eta «loraldi faltsu» baten itzalaz ere hitz egin du: «Euskal aktore asko gaude lanik egin gabe, edo gauza oso txikiak egiten, baina protagonista gehienak ia beti kanpotarrak dira».
ETBk aurrekontu txikiko fikzioak egiteko ateratako diru laguntzak barne gatazka handia sortzen dio Lacalleri: «Atera dira sei edo zortzi proiektu, aurrekontu txiki batetik. Ondo dago, zuzendari eta gidoilari pila bat ezagutzera eman direlako, baina lan egoera kaskar batean lan eginez. Agian, garrantzitsuagoa da kalitatea, kantitatea baino». Santiagok ere ekoizlearen ikuspegitik berresten du min hori: «Baliabide gutxirekin lantalde osoak sufritzen du, eta, askotan, horregatik nahiago izaten dugu film laburrak grabatu, sufrimenduak bi egun irauten dituelako, eta ez bi hilabete».
Gatazka profesional horien guztien erdian, lan egiteko modu berriak eta konpromiso linguistikoak ere azaleratzen dira. Cozarrek Erlauntza filmean (Mireia Gabilondo, 2020) eta Desagertuta telesailean (Jabi Elortegi, 2025) bizitako esperientzia kontatu du, non eszenak bi hizkuntzatan —euskaraz eta gaztelaniaz— grabatu behar izan zituzten, jarraian. Hala ere, bikoizketaren aurrean, bertsio original bikoitzaren alde egin du, irmoki: «Asko eskertzen dut produkzio hauek euskaraz ikusi ahal izatea eta ez gaztelaniaz bikoiztua edo azpidatzia. Nahiago dut bi hizkuntzatan egin. Bertsio originala da naturalena, hor baitago aktorea momentuan ematen ari den guztia».
%2aren horma
Industriaren barne eztabaidak alde batera utzita, kazetariak kalean eta zinema aretoetan dagoen errealitate gordinarekin egin du topo. Pantailak Euskarazen eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arabera, euskaldunek zinema areto komertzialetan pairatzen duten hizkuntza bazterketa argia da: urtean estreinatutako 1.200 film ingurutik, soilik 22 ikusi ahal izan dira euskaraz (fikziozko sei film luze bertsio originalean, bi dokumental eta bikoiztutako hamalau lan). Hori, estreinaldien %2a besterik ez da.
Zinema aretoetako pisu errealaz jabetzeko, emanaldi kopuruari erreparatu behar zaio: Euskal Herrian eskainitako 200.000 emanalditik baino gehiagotik, 4.480 saio besterik ez dira izan euskaraz (%2,24). Egoera kezkagarria izan arren, euskal ekoizpenen kalitateak eta ikusleen erantzunak lore ontziak kolore distiratsuz bete dituzte, azkenaldian. 2025ean, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas (2025) filmak Hego Euskal Herriko hamar ikusienen zerrendan sartzea lortu zuen, eta Jose Ramon Soroizek film horrengatik Goya saria irabazi izana mugarri handia izan da. «Maspalomas ahal zaizu gehiago edo gutxiago gustatu, baina Soroizek Goya eskuratzea euskal zinemaren loraldiaren irudia da», adierazi du Lacallek.
Erronka digitala
Gaur egungo aisialdiaren gudu zelai nagusia, ordea, streaming plataformetan dago. ETBk abiatutako Primeran eta Makusi plataformak tresna garrantzitsu bilakatu dira. Halere, Lacallek lehiakortasun falta salatu du: «Telebista bakar bat dago, eta ekoizpen guztiak dira ETBrenak. Netflixek ez du egiten euskarazko telesail bat ETB gabe».
Aginagaldek euskarri hauek «aurrerapauso izugarria» direla uste duen arren, Primeran plataformaren edukien estrategia kritikatu du: «EITBko zuzendaritzatik duten ideia da Primeran kontsumitzen duela jendeak soilik euskal ekoizpenak ikusteko, eta, orduan, ez dute benetako apusturik egiten nazioarteko film erakargarriak bikoizteko». Bozeramaileak gogorarazi du ETBk hamabost urte daramatzala nazioarteko filmak euskarara bikoiztu gabe, eduki horiek ETB2n gaztelaniaz ematen dituzten bitartean. «Urtean bost pelikula eta hiru telesail baldin badituzu euskaraz, horrek ez du asetzen jendeak duen kontsumo ohitura».
Makusi haurrentzako plataforman, ordea, nazioarteko eduki puntakoak (Dragoi Bola Super edota Txakur Patruila) bikoizteko apustu finagoa egiten ari direla aitortu du, haurrengan euskarazko erreferenteak sortuz. Netflix eta Prime Videoren moduko erraldoiek urtean hamabi film bikoiztu eta 50 inguru azpidatzi arren, eskaintza orokorraren ozeanoan tanta bat baino ez dira.
Etorkizuneko klaketa
Euskal zinemaren loraldiak, beraz, bere barnean daramatza argirik distiratsuenak eta itzalik sakonenak. Talentuaren gorakada, nazioarteko aitorpena eta diru laguntza zuzenen laukoiztea albiste bikainak dira, baina ezin dute estali egiturazko diskriminazio linguistikoaren eta prekarizazio ekonomikoaren errealitatea.
Egoera horren aurrean, Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak erakunde publikoen «berehalako esku hartzea» eskatu dute. Zinema areto komertzialetan hizkuntza ofizialen arteko oreka «legez» bermatzea eta estreinaldien erdia euskaraz izatea, horrek modu naturalean elikatuko lituzkeelako, gero, streaming plataformak. Bide beretik, Santiagok Gipuzkoako zerga pizgarrien kuotak Bizkaikoekin parekatzea eskatzen du, bertako ekoiztetxe eta lantaldeek baldintza berdinetan lan egin dezaten eta kultura «diru laguntzapekoa» dela dioen topikoa hausteko.
Azken finean, gure txokoak pantaila handian ikusteak ilusioa pizten jarraituko du, baina zinemagintzaren erroak eta egiturak sakonetik iraultzen ez badira, loraldi hau soilik kanpoko superprodukzioen atzealdeko dekoratu polit bat izateko arriskua dago, euskarak eta bertako zinemagileek itzalean jarraitzen duten bitartean. Loreek politak izateaz gain bizirik jarrai dezaten, lurrean bertan ureztatu behar direlako, egunerokoan. Orduan soilik izango da udaberria euskal zinemarena.





