Araneta: "Kaleari itsasita jarraituko dugu"
Elkarrekin Podemosek udalbatzan ordezkaritza izango duen laugarren zerrenda izango da, 9.485 botorekin. Aitzole Aranetaren alderdia hiru zinegotzirekin helduko da udaletxera, 2015ean Irabazi Donostiak lorturiko babesak 2.538 bozetan gaindituz.
Hauteskunde gaua pasa ostean egin du Elkarrekin Podemos alderdiak emaitzen balorazioa. Prentsa aurrean agertu dira Aitzole Araneta Donostiako alkategaia, Arantza Gonzalez Donostialdeko hautagaia eta Batzar Nagusietarako hautagaia, eta Maria Valiente ahaldungai nagusia. Hirurek koalizioak lortutako emaitzen balorazioa “oso positiboa” dela nabarmendu dute.
Araneta pozik agertu da egindako lanarekin, eta bere ustez emaitzek erakusten dute “proiektua kontsolidatzen eta zabaltzen” ari dela. “Bozken %10a lortu dugu, eta aurreko hauteskundeetan Irabazi Donostiak lortutako zinegotzi bat gehiago lortu dugu”, azaldu du pozik. “Hainbat gai jarri ditugu mahai gainean, jendearen egunerokotasunarekin eta justizia sozialarekin lotura dutenak, eta bi erritmoko Donostia eta Euskadi irudikatzen dutenak, eta uste dugu mezu horrek Donostian eragina izan duela”, gaineratu du. Lehen aldiz aurkeztu da Elkarrekin Podemos koalizio gisa Donostiako Udalera, eta nabarmendu du datozen lau urtetan kanpainan zabaldutako mezuari tiraka jarraituko dutela lanean, proiektuaren kontsolidazioa helburu: “Kaleari itsatsita jarraituko dugu, jendearekin egunerokotasunean harremanak izaten”.
Arantza Gonzalezek azpimarratu du Elkarrekin Podemos koalizioa hiru formazioek (Podemos-Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak) osatutako elkargune indartsua bilakatu dela: “Gure lurraldeetan espazio finkoa duen koalizioa dela argi gelditu da, eta udal berri gehiagotara ere iritsi gara”. Hasieran zehaztutako helburu nagusia lortzeko lanean jarraituko dutela adierazi du, “gipuzkoarrek bizitza duinak izango dituztela bermatuko duten ezkerreko politikak” bultzatuz. “Sinbolikoki kanpainan irudikatu ditugun hiru hariei tiraka jarraituko dugu: morea, berdea eta gorria”, gaineratu du.
“Oposizio serio bat egitea izango da gure helburua”, jakinarazi du Maria Valientek. Elkarrekin Podemoseko ahaldungai nagusiak eskerrak eman dizkie militanteei eta bozka eman dieten guztiei, eta herrietako udalek ematen dituzten aukerak azpimarratu ditu: “Udalek ematen digute jendearengandik gertu egoteko aukera, baita ezaugarritzen gaituen lana aurrera eramatekoa”.