Nabarmen jaitsi da PSE-EE Donostian
Donostiako Udalean zazpi zinegotzi izatetik bost izatera pasa da Ernesto Gascoren PSE-EE. Horrela, Gasco bera, Marisol Garmendia, Enrique Ramos, Duñike Agirrezabalaga eta Miguel Angel Diez izango dira PSE-EEren udaleko zinegotziak datozen lau urteetan. Atsekabetuta agertu dira hedabideen aurrean hitz egitera Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia, Ernesto Gasco Donostiako alkategaia eta Denis Itxaso Gipuzkoako Diputatu Nagusi izateko hautagaia, baina ez Gascok ez Itxasok ez dute inongo deklaraziorik egin nahi izan. Andueza izan da hitz egin duen bakarra, eta Donostiako porrota ez du aipatu ere egin.
7.000 boto galdu ditu, eta historikoki indartsua izan den auzoetatik iritsi da boto galera nagusia PSE-EErentzat. Izan ere, Altzan, esaterako, 2015eko udal hauteskundeetan 3.917 boto izatetik aurten 2.803 izatera pasa da, 1.114 boto gutxiago, alegia. Amara Berrin ere jaitsiera nabarmena izan du Gascoren alderdiak, 2.273 boto eskuratu baititu, 2015eko 3.390 botoen ondoan. Intxaurrondon ere ia 1.000 boto galdu ditu PSE-EEk, 2.205 boto izatetik 1.549 izatera pasa baita. Azken lau urteetan udal gobernuan egoteak ez du Gasco saritu, eta emaitzek bere lidergoa kolokan jarri dezakete.