Gillen Mungia tenore donostiarrak lehen diskoa argitaratu du
Josu Okiñena piano jotzailearekin batera, 'Lexia' lana osorik eskainiko dute bihar Donostiako Udaletxeko udal batzar aretoan, 19:30ean.
Lehendabiziko diskoa argitaratu du Gillen Mungia (Gros, 1990) tenoreak, Sony Classical diskoetxearekin. Lexia da lanaren izenburua eta italieraz, frantsesez zein euskaraz abesturiko 15 abesti ditu. Josu Okiñena piano jotzaile eta ikertzailearekin batera osatu du diskoa. Biek batera aurkeztu dute lana Koldo Mitxelena kulturunean. Bihar, zuzenekoa eskainiko dute Donostiako Udaletxeko udal batzar aretoan 19:30ean.
Carlos Mungia tenore ezagunaren biloba da Gillen, eta bidea egiten hasi da opera zein musika klasikoaren munduan. Besteak beste, Teatro Comunale di Bologna, Regio di Parma eta Bergamoko Donizzeti jaialdian parte hartu du. Donostian, Tenerifen (Espainia), Hamburgon (Alemania) eta Milanon zein Parman (Italia) egin ditu musika ikasketak. Une honetan, ikasketekin jarraitzen du eta zuzeneko emanaldiak eskaintzen ari da mundu mailan.
Ia bi urteko lanaren emaitza da Mungiaren estreinako diskoa. 100 kantu inguruko errepertorioa landu zuten, eta azkenik, 15 abesti aukeratu dituzte. “Gozotasun handiko diskoa da, bere ahots kalitate eta heldutasunarengatik lieda eta abestiari dagokionez”, azaldu du Okiñenak. Hitzaren eta musikaren arteko lotura sakonari egiten dio erreferentzia izenburuak. “Tradizioarekin apurtu nahi izan dugu; alegia, ezagutzaren hastapenetara itzuli, partiturak lehen aldia balira bezala interpretatu, tradizioaren loturarik gabe”, esan du Mungiak.