Auto klasikoen rallya egingo dute larunbatean
Larunbatean, ekainaren 1ean, egingo dute Donostian San Sebastian Circuit Spirit ibilgailu klasikoen rallyaren hirugarren edizioa. Garai batean Donostiako Automobil Zirkuituan (Lasarteko Automobil Zirkuitua ere deitzen zitzaion) arrakasta izaten zuten auto lasterketak ekarriko ditu gogora rallyak, eta 85 auto klasiko baino gehiago egongo dira, Porche, Ferrari, Maserati, Citroen, BMW eta Renault marketakoak, besteak beste.
9:00etatik aurrera autoak ikusgai egongo dira Donostian, eta 10:30ean abiatuko da lasterketa. Hondarribiara joango dira, tartean Hendaia, Behobia, Urruña, Azkaine, Donibane Lohitzune eta Ziburu herrietatik pasatuz. Hondarribian bazkaldu ondoren, Guadalupeko santutegitik Jaizkibelera igoko dira, Pasai Donibane pasako dute eta Lezorantz abiatuko dira. Lasarte-Oriara joango dira ondoren, eta geldialdi bat egingo dute han, zirkuitu zaharreko kaleetan autoak ikusgai jartzeko. Azkenik, Donostiara itzuliko dira.