Etxezarreta harategi donostiarrak irabazi du Gipuzkoako hanburgesa onenaren saria
Etxezarreta harategiko kide bat, lehenengo sariarekin. (Argazkia: Donostia Kultura) Donostiako Etxezarreta Harategia, Bretxan dagoena, izan zen atzo Bulebarrean egindako Gipuzkoako hanburgesa onenaren lehiaketaren irabazlea. Hanburgesaren Munduko Egunarekin bat eginez, maiatzaren 24tik ekainaren 2ra egiten ari diren Gipuzkoa Burger Week egitasmoaren barruan zegoen lehiaketa, eta lurraldeko 28 harategi aurkeztu ziren. Bigarren eta hirugarren postuak harategi donostiarrenak izan ziren baita ere: Egiako Endika Harategia izan zen bigarrena, eta aurreko edizioa irabazi zuen Antiguako Mikel Harategia izan zen hirugarren sailkatua.
Tolosako Casa Nicolas jatetxeko Xabier Ruizek, Iruki haragietako kudeatzaile Borja Zubiaurrek, Route 33 Gourmet jatetxeko Felix Garridok, Oquendo jatetxeko Carlos Nuezek eta Laura Chamorro kazetariak osatu zuten lehiaketako epaimahaia, eta Ruizen esanetan, hanburgesa guztiek zapore desberdina zuten eta “horrek lehiaketa aberasten du”. Epaimahaiko kideek haragi guztien kalitatea goraipatu zuten, eta Zubiaurrek nabarmendu zuen hanburgesa batek kalitatezko haragia izan dezakeela: “Hanburgesa kalitate gutxiko haragiaren sinonimoa dela burutik kendu behar dugu”.
Etxezarreta Harategiko Iñigo Etxezarretak azaldu zuenez, lantaldearekin partekatuko du saria, eta “maitasunarekin” egindako errezeta bat dela esan zuen, bere familiak “65 urte” egiten daramana.


