Ostiralean amaituko da V. Kritika Lehiaketan parte hartzeko epea
Urtero bezala, Zinea.eus atariak urte osorako bere zinema kritikaria izango dena topatzeko lehiaketa abiatu du, eta bertan parte hartzeko epea ostiralean amaituko da. V. Kritika Lehiaketaren irabazleak 2019ko ekainetik aurrera urtebetez Zinea atarian zinema-kritikari gisa jarduteko aukera izango du, eta bere idatziak Irutxuloko Hitzaren webgunean eta astekarian ere argitaratuko dira.
Parte hartu nahi dutenek, euskal film bat aukeratu beharko dute, aukeran 2018tik aurrera estreinatutakoa, eta horren kritika bidali beharko dute info@zinea.eus helbidera. Jasotako kritika guztiak argitaratuko dituztela jakinarazi dute Zineakoek, “epaimahaikideek lanok baloratzeaz gainera, atariko irakurleek ere hauek irakurri eta bere balorazio propioak egin ditzaten”.
Kritikari gisa hautatzeko deialdi irekirako honako baldintza hauek bete behar dira:
- Parte hartzaileek euskal film bat hautatu eta haren inguruko kritika egin behar dute.
- Kritikek izan ohi duten formatua errespetatu behar da. 300 eta 400 hitz bitartekoa izan behar du, eta filmaren izenburua, zuzendaria, urtea eta herrialdea aipatzea ezinbestekoa izango da.
- Lana bidaltzeko azken eguna maiatzaren 31 izango da (ostirala, egun hori barne), egilearen izen-abizenak, adina, herria, posta-helbidea eta telefonoa jartzea ahaztu gabe.
- Deialdira aurkeztutako kritika guztiak Zinea atarian argitaratuko dituzte lehenengoz eta, ondoren, Ganbara datutegian jarriko dituzte. Kritika bidaltzen duen hautagai orok bere lana argitaratzea onartzen du, beraz.
- Kritikaria aukeratzeko, datozen egunetan aurkeztuko duten aditu talde baten iritzia izango dute kontuan Zinea atarikoek. Horrez gain, kritikek dituzten iruzkin positiboak ere kontuan izango dituztela jakinarazi dute, kritika gustuko zergatik duten azaltzen dutenak. Lehentasuna epaimahaiak izango du.
- Pertsona bakoitzak kritika bakarra bidaltzeko aukera du.
- Irabazleak urtebeteko konpromisoa hartuko du Zinea atariko arduradunekin, eta deialdira aurkeztutako lanaren ezaugarri antzekoak dituen kritika osatu beharko du astero, asteazkenetan.
- Egindako kritika bakoitzagatik ordainduko zaio, ohiko kolaborazioen prezioan.
Edozein zalantza izanez gero, info@zinea.eus helbidera idatzi daiteke, edota 943 504 206 telefono zenbakira deitu.