Realak Euskal Herriko kopako finala jokatuko du azken minutuan eginiko gol bati esker
(Argazkia: Reala) Euskal Herriko kopako finala abuztuan jokatuko da, eta Reala hor izango da lehian, tituluak irabazten jarraitzeko gosez. Izan ere, Gonzalo Arconadaren neskek garaipen landua lortu zuten atzo Arrasaten Alavesen aurka txapelketako finalerdian, Leire Bañosek azken minutuan eginiko golari esker.
Mojategi zelaian bildutako ehunka zaleek sekulako giroa piztu zuten harmailetan. Arabarrek indartsu hasi zuten partida, aurkari zailaren aurka balentria lortzeko asmoz, baina donostiarren partidaren kontrola hartu zuten pixkanaka. Hala ere, neurketa berdindua mantendu zen 90 minutuz, Alavesen defentsek eta Neike Barga atezainak lan paregabea egin zutelako. Luzapenak saihetsezina zirudienean, ordea, Leire Bañosen jaurtiketak gasteiztarren atea gainditu eta norgehiagokako gol bakarra igo zuen markagailura.
Gauzak horrela, donostiarrak Eibar eta Athleticen arteko finalerdiko txapeldunaren kontra lehiatuko dira udarako finalean.

