G7 Ez plataformak mahai-ingurua egingo du estatu frantsesaren egoera soziopolitikoa aztertzeko
Donostiako G7 Ez plataformak mahai-ingurua egingo du ostiralean, 19:00etan, San Jeronimo kaleko kriptan, jaka horien fenomenoaren harira estatu frantsesean bizi den egoera soziopolitikoa aztertzeko. Abuztuaren 24tik 26ra, G7-a osatzen duten zazpi herrialdeetako liderrek Biarritzen egingo dute euren urteroko gailurra, eta Euskal Herrian antolatu den herri mugimendu nazionalak bilkuraren aurkako hainbat mobilizazio deituko ditu egun horietarako.
Gailurra estatu frantsesaren barne politikaren momentu kritiko batean iritsiko da. Hango egoera politiko eta soziala jada nahiko aztoratua dago jaka horien mugimenduaren eztandaz geroztik, eta Biarritzeko bilerari begira, azken hilabeteetako garapena zein izan den aztertzea ezinbestekotzat jo dute G7 Ez-eko kideek. Horretarako, Lundi Matin egunkariko kazetari batek bere irakurketa eskainiko du biharko mahai-inguruan.
Berarekin, Ainoha Pascual abokatua etorriko da, Parisen eskubide zibil eta politikoen arloan lan egiten duen abokatua. Biarritzen poliziak eta estatu frantsesak herritarren aurka hartu ahal izango dituzten neurri juridikoak errepasatuko ditu Pascualek, Macronen gobernuak bultzatutako salbuespen-egoera eta segurtasun legeak aztertuz.