Realeko eta Athleticeko jarraitzaileen arteko lehia umorearekin kontatu du Irigoienek
Derbia izeneko eleberria aurkeztu du Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948). Bi bikote futbolzaleen arteko istorio umoretsua kontatzen du liburuak. Txefe eta Klara Realeko zaleak dira, eta Telmo eta Geno Athleticekoak. Hiri eta plaza berean bizi dira, baina elkarri bizkar emanda.
Parte Zaharreko Elkar dendan egin dute liburuaren aurkezpena. Irigoienekin batera, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorea, Joxemari Apaolaza irrati esataria eta Imanol Irigoien anaia izan dira. Apaolazak eleberriaren inguruko hausnarketa eskaini du: “Ni futbolzalea naiz, eta Irigoien ere bada. Halere, futbolak inguruan duena ez du gustuko, eta hori ere nabaritzen da liburuan”. Futbolak istorioko protagonistentzat garrantzitsua dela gaineratu du, baina ez garrantzitsuena. “Benetako arazoak sortzen direnean argi geratzen da futbola ez dela inportanteena”.
Joan Mariren partez, Imanol anaiak hartu du hitza. Gaixotu zenetik kosta egiten zaio hitz egitea, baina ez idaztea. “Nobela umoretsua da, nahiz eta bati baino gehiagori negargarria irudituko zaion. Zenbat buru, hainbat artaburu. Arina da eta arinkeriaz josia dago. Jende bati irri-karkara eragiteko esperantzarekin idatzi dut. Ba ote da irri-karkara bat baino sendagarriagorik ilunaldietarako?”, azaldu du Irigoienek. Horrez gain, esker ona adierazi dio Mendiguren editoreari. Babilonia eleberria argitaratu zenetik harreman estua izan dute idazleak eta editoreak. “Nire aingeru goardakoa da”.