Hormaren altuera handiegia dela diote
San Bartolomeko lanak direla eta, Amara kalearen bukaeran porlanezko horma bat eraiki dute langileek. Udalarekin adosturiko tamaina gainditu dute.
Lanekin hasi zirenean Amarako auzotarrak Donostiako Udaleko arduradurekin harremanetan jarri ziren informazioa eskatzeko. Bilera bat egin zuten, eta udalak adierazi zien jatorrizko hormaren zein barandaren altuera izango zuela. Era berean, udalak esan zien horma beharrezkoa dela atzean kirol gune pare bat eta bide bat egongo direlako. Ordea, adosturikoa baino horma altuagoa eraiki dute langileek. «Amara kalearen bukaera kalezulo bihurtuko dute», ohartarazi dute bizilagunek. Egoera salatzeko kalean kartelak jarri dituzte.
Hirigintza sailarekin hitz egitea lortu dute, eta hormaren altuera jatorrizkoa izateko eskatu diete. Era berean, udalari idatzi bat bidali diote, UdalInfo bulegoan ere erregistratu dutena. «25. ataritik aurrera doan kaleko zatia era negargarrian geratzen da horma horren ondorioz. Batetik, belardiak ikusten ziren kalea inora ez doan kalezulo bihurtuko da. Ez da ahaztu behar Amara kalea 33. zenbakian bukatzen dela, eta ez pilotalekuan», dio idatziak.
Hormaren eraikuntza gelditzeko eskatu diote udalari, lanen arduradunekin edo Donostiako alkatearekin hitz egin arte. «Udaleko Ingeniaritza sailak proiektua berrikustea nahi dugu, horma ahalik eta baxuena izan dadin».
Baserria babesteko
Azken urteetako ohiturari jarraipena emateko, Amarako bizilagunek Txanpuene Eguna ospatuko dute igandean. Hain zuzen ere, Txanpuene da Amarako azken baserria, eta desagertzeko mehatxua hasi zenetik hasi ziren eguna antolatzen. Ordutik, 13 urte igaro dira.
Iganderako hainbat jarduera antolatu dituzte. Ongietorria eta hamabitakoa 12:00etan egingo dute. Jarraian, haur jolasak, tortilla txapelketa –13:15erako eman behar da izena– eta Laia eta Iñaki trikitilariak. Bazkari herrikoia 14:30ean izango da, eta helduen jolasak 15:00etan. Bi lehiaketa ere antolatu dituzte: I. Amarako Bolo txapelketa (16:00) eta XIV. Txanpueneko Toka txapelketa (17:00). Arratsaldean ere bisita gidatua egingo dute Txanpuenen, eta ohiko erromeria.
Arbaizeneako hirigintza proiektua dela eta, Donostiako Udalak Amarako azken baserria botatzeko asmoa du. Lursail honetan luxuzko etxebizitzak eta Txanpon Enea parkea egitea aurreikusita dago. Auzotarrek Txanpuenek gordetzen duen altxor handi bat gorde nahi dute; XIX. mendeko iturri bat.