Olatu Talkaren 10. urteurreneko erakusketa inauguratu dute
Hamar urte bete ditu Olatu Talka jaialdiak, eta gaur arratsaldean inauguratu dute urteurrenaren argazki erakusketa Alderdi Ederren. Bisita gidatua eskaini du Jon Insausti Euskara zinegotziak, eta berarekin batera izan dira, besteak beste, Eneko Goia alkatea, Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendaria eta Jon Aizpuru Donostia Kulturako kultur ekintza teknikaria.
Erakusketa guztiz irekia da eta Alderdi Ederren ikus daiteke. Dena dela, gaurtik igande iluntzera bitarte ez da jarduerarik faltako. Hain zuzen ere, aurrekontua handitu dute aurten, eta hiru jarduera mota antolatu dituzte: Ibilbideak (Ezagutu!), jarduera fisikoak (Astindu gorputza!) eta jarduera artistikoak (Sortu!). Horrela, bisita gidatuak, dantza saioak, kontzertuak eta erakusketak egongo dira, besteak beste, hiriko hainbat auzotan, goizetik gauerarte. Egitarau osoa jaialdiaren webgunean kontsultatu daiteke.