Urtebete pasa da barrutia lanean hasi zenetik
Ekialdeko Barrutiaren batzarrak bilera egin zuen asteartean, orain arte egindako lana errepasatu eta aurrera begirako proiektuak zehazteko. Altza, Intxaurrondo eta Mirakruz-Bidebieta auzoek osatzen dute barrutia, eta iazko martxoan jarri zuen abian udalak. Hamabost kidez osaturiko batzarra, ordea, pasa den urteko ekainean hasi zen lanean, barrutiaren hauteskundeak egin ondoren.
Lau lan talde ditu barrutiak. Azken hamabi hilabeteetan bakoitzak egindako lana aztertu zuten batzarraren bileran. Hirigintza, mugikortasuna eta espazio publikoaz arduratzen den lan taldeak bilera hainbat egin ditu Pilar Arana Mugikortasun zinegotziarekin. Barrutiko mugikortasuna hobetzeko udalak dituen aurreikuspenez aritu dira, besteak beste. Bestalde, hirigintza alorrean udalak barrutian aurrera eraman nahi dituen proiektuez aritu dira.
Egituraketa lan taldeak, berriz, hainbat ardura ditu. Batetik, barrutiaren egituraketaren balorazioa egitea dagokio, eta azken urtebetean erdizka egin dute balorazioa. Bestalde, aurrekontu parte hartzaileez aritu ziren batzarrean. Diruaren banaketa egin zenean batzarrak zati bat gorde zuen aurrera begira egin beharreko proiektuentzat. 25 proposamen jaso zituzten eta 23 onartu ziren. Horien artean daude barrutiko lurraldea barneratzen duen mapa turistikoa lantzea, altzari historiko batzuk berritzea, Zarategi kaleko bankuak berritzea eta zenbait ikerketa.
Diagnostikoaren lan taldeak barrutiaren argazki ahalik eta errealena lortzea du helburu. Horretarako, Kepa Korta Estrategia bulegoko zuzendariarekin lanketa bat abian jarri zuen. Gaur egun udalak ez ditu auzoetako datu zehatzak eta prozesu honen bidez barrutiko auzoen informazioa biltzea da asmoa. Iraila eta urria bitartean diagnostikoa osatzeko deialdia egingo dute herritarrek eta eragileek parte hartzeko.
Komunikazioa
Laugarren eta azken lan taldea komunikazioari eta parte hartzeari dagokiona da. Hain zuzen ere, Ekialdeko Barrutia zer den eta zertarako balioa duen komunikatzea bihurtu da batzarraren erronka zailena. Duela egun gutxi jarri dute abian barrutiaren webgunea: https://www.donostia.eus/ataria/web/ekialdeko-barrutia.
Barrutiaren komunikazio plana aurrera eramateko baliagarria izango da webgunea. Izan ere, udaleko teknikari bat horretara bideratu zuten, baina ez du lan hori egiterik izan. Ondorioz, barrutiaren informazioa ez dute behar bezala ezagutzera eman.
Ekainean egindako lanaren balorazio berri bat egingo dute, eta irailean edo urrian batzar berria aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte.